Bikoiztutako geneak eztabaidaren erdian
2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Desagertzeko arriskuan dagoen langur hankabeltzak eboluzioari buruzko informazio berria eskaini die zientzialariei. Tximino horrek bikoiztutako gene bat du, baina, bere funtzioa jatorrizko geneak zuenarekiko ezberdina da. Aldaketaren bidea berreginaz gene bikoiztuak naturalki nola aldatzen diren eztabaidatzen ari dira adituak.
Eboluzioaren historian bikoiztutako geneak hainbat organismotan azaldu dira espero izan gabe. Bikoizketa hori gene berrien sorrera eta egokitzapena azaltzeko gakoa izan daiteke. Zientzialariak, ordea, ez datoz bat bikoiztutako geneen funtzioa naturalki nola aldatzen den azaltzeko orduan.
Batzuek aukeraketa positiboan jartzen dute jomuga, aldiz, besteek aukeraketa negatiboan. Orain, langur hankabeltza aztertuta, biak gertatzen direla esan dute. Ikertzaileek aurkitu dute tximino horrek erribonukleasa entzimarentzat bikoiztutako gene bat duela. Bikoiztutako gene hori, erribonukleasarekin erlazionatuta egon beharrean, liseriketa-entzima baten kodifikatzaile bilakatu da.
Zientzialariek bi entzimen arteko 9 entzima mutatu sortu zituzten. Horrela ikusi zuten bideko entzima mutatu bakoitzeko geneak erribonukleasarekin lotura gutxiago zuela eta aukeraketa negatiboa frogatu zen. Baina geneak garapen azkarregia zuela ere ikusi zuten eta, beraz, aukeraketa positiboa ere gertatzen zela jakin zuten. Hala ere, bikoizketaren arrazoi nagusia ez da aurkitu oraindik; gakoa ez baita soilik jatorrizko funtzioa nola aldatzen den aurkitzea, baita funtzio berria nola lortzen den jakitea ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia