}

Bikiak bai, baina desberdinak

2006/01/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Irudi hau Hawaiiko Unibertsitateko Michael Liu astronomoak hartu du, teleskopioz. Egia da munduko teleskopio handiena erabili duela irudia lortzeko, Mauna Kea-ko Keck II teleskopioa hain zuzen, baina, hala ere, harrigarria da. Zergatik? Bada, hor agertzen diren bi gorputzak nano marroiak direlako, eta, hain txikiak izanik, oso zaila delako nano marroiak teleskopioz ikustea.

Nano marroiak Jupiter baino handiagoak dira, baina Eguzkia baino askoz ere txikiagoak, eta ez dute fusio nuklearra izateko adina presiorik barnean. Astronomoen ustez, askotan binaka azaltzen dira.

Kasu honetan ere halaxe daude, bi elkarren ondoan. Ez dira berdin-berdinak, ordea: batak distira gorrixka du eta besteak urdinxka. Liuren ustez, nahiz eta biak seguru asko batera sortu ziren, bata bestea baino txikiagoa da, eta, beraz, azkarrago hoztu da. Horregatik dauka kolore urdina.

Izan ere, nano marroi handienaren atmosferako tenperatura 1.200 ºC ingurukoa dela kalkulatu dute, eta, uste dute burdin-partikulek hodeiak eratzen dituztela tenperatura horretan. Horrek ematen dio kolore gorrixka atmosferari. Aldiz, beste nano marroiaren atmosferako tenperatura 200 ºC bat gradu baxuagoa dela kalkulatu dute, eta, ondorioz, burdin-partikulen hodeiak sakabanatu egiten dira. Hortaz, atmosfera garbi gelditzen da.