Bihotzekoak, erloju biologikoaren menpe
2007/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bihotzekoak eta apoplexiak oso maiz izaten dira goizeko lehen orduetan. Garai horretan odolaren presioak gora egiten duelako gertatzen da hori. Pennsylvaniako Medikuntza Eskolan ikusi dute erloju biologikoak zerikusi handia duela ordu horietan odol-presioa igotzearekin.
Erloju biologikoak ordu jakin batzuetan odolaren presioa igotzea eragiten du --goizeko lehen orduan besteak beste-- katekolamina hormonaren maila handitzen duelako; hau da, katekolaminaren maila altuak igoarazten du odol-presioa. Katekolaminak, erloju biologikoaren eraginez ez ezik, estresaren eraginez ere ugaritzen dira.
Goizeko lehen orduetan bi faktoreak elkartu egiten dira; alegia, erloju biologikoaren eraginez, berez, ordu horietan katekolaminen maila altua izaten da, eta oso ohikoa izaten da estresatuta ibiltzea.
Botiken bidez edo beste nolabait erloju biologikoa ezabatzean, berriz, gorputzak ez du estresaren aurrean erantzuten, hau da, ez dute gora egiten, ez katekolamina-mailak ezta odol-presioak ere, estresa egunaren edozein ordutan eraginda ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia