}

Bihotzeko kontuak

2010/05/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Batzuetan (nahi baino gutxiagotan, hala ere), medikuek arrazoia ematen digute. Txokolatea, ardo beltza, arrain urdina eta oliba-olioa adibide adierazgarriak dira: urtetan kaltegarritzat jo izan dituzten arren, gerora iritzia aldatu dute, eta orain jaki osasungarrien zerrendan daude, espinakekin, sagarrekin eta urarekin batera. Aldaketa hori ikerketei esker gertatu da, usteak eta aurretik egindako ikerketak okerrak zirela frogatu duten ikerketei esker.

Horrelakoak ikusita, itxaropenez hartuko zuen batek baino gehiagok European Heart Journal aldizkariaren azken zenbakia. Hain zuzen, kardiologian espezializatutako Europako aldizkari ospetsuena da hori, eta atera berri den zenbakian bi artikulu nabarmentzen dira, ez ondorio harrigarriak plazaratzen dituztelako, askori arrazoia ematen digutelako baizik. Izan ere, artikuluetako batean lanean aparteko orduak egitea bihotzerako txarra dela azaltzen dute, eta, bestean, emozio baikorrek bihotzeko gaitzak izatetik babesten gaituztela.

Lanean aparteko orduak egitea bihotzerako txarra dela frogatu dute, eta emozio positiboak izatea, berriz, ona.
(Irudia: Gisela Giardino )

Lehenengo artikuluan Whitehall II azterketaren azkeneko fasearen emaitzak azaldu dituzte. Azterketa hori 1985ean hasi zen, Londresko 10.308 bulegarirekin. 1991-1994an lanorduei buruzko galdera bat sartu zuten, eta azken fasean 11 urtez jarraitu dituzten 6.014 pertsonaren datuak jaso dituzte. Pertsona horietatik, 2,5etik bat emakumezkoa zen, eta 39-61 urte zituzten.

Azterketak erakutsi du aparteko 3-4 ordu egiten zituztenak lanaldi arrunta zutenek baino % 60 arazo kardiobaskular gehiago zituztela. Datuetan sakonduta, ikertzaileek ikusi zuten egunean besteek baino 3-4 lanordu gehiago egiten zituzten pertsonek antzeko izaera zutela: erasokorrak eta lehiakorrak ziren, denboraren menpe bizi ziren eta, oro har, etsaitasunezko jokabideak zituzten. Horrekin batera, loezina, antsietatea eta depresioa izateko arriskua zuten. Gainera, ikertzaileek uste dute halako pertsonek, gaixotasun-sintomak izanda ere, lanera joateko joera dutela.

Horrek guztiak azal dezake zergatik aparteko lanorduak egiteak areagotzen duen bihotzekoak izateko arriskua, baina ikertzaileek ohartarazten dute ez dutela kausa-efektu zuzena dagoenik frogatu. Adibidez, eta beste faktore batzuen artean, ez dute aztertu zer gertatuko litzatekeen aparteko orduak kenduz gero.

Dena dela, Gordon McInnes Glasgowko Unibertsitateko Farmakologiako katedradunaren iritziz garrantzi handia du azterketak. Haren esanean, komenigarria litzateke sendagileek prebentzioan arreta berezia jartzea, eta bere egiten ditu Bertrand Russell filosofoaren hitzak: "Medikua banintz, jaiegun bat agindu nioke lana garrantzitsua dela uste duen paziente orori".

Poza, bihotzerako bizigarri

Bigarren artikuluko azterketa Columbia Unibertsitateko Osasun Kardiobaskularrreko Institutuko ikertzaileek egin dute, Eskozia Berriko 1.739 pertsonarekin (erdiak emakumezkoak eta erdiak gizonezkoak, gutxi gorabehera). Hamar urte iraun zuen, eta, denbora horretan, datu klinikoak ez ezik, partehartzaileen poztasuna edo baikortasuna zenbaterainokoa zen ere jaso zuten, 0tik 5rako eskala batean.

Hona hemen emaitza: batere baikorrak ez direnak pixka bat baikorrak direnak baino % 22 handiagoa dutela bihotzekoak izateko arriskua, eta, azken horiek neurrian baikorrak direnak baino % 22 handiagoa. Gainera, oro har baikorrak direnei ez die eragiten tartean makalaldi edo depresio txiki bat izateak.

Emaitzak interpretatzean, hainbat mekanismo fisiopatologiko izan dituzte kontuan ikertzaileek, baina aitortu dute oraindik sakontzen jarraitu behar dutela. Bitartean, badaezpada ere, saiatuko gara artikuluari jarri dioten izenburuari kasu egiten: "Dont worry, be happy".

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia