}

Bihotza ezkerrera, gibela eskuinera

2002/07/04 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nola dakite enbrioi baten zelulek gero osatuko duten organoa gorputzaren zein aldetan kokatu behar den? Galdera horri erantzun nahian dabil Harvard Unibertsitateko
zientzialari-talde bat.

Arratoi-enbrioiekin egindako esperimentuetan aurkitu dute gakoa. Enbrioiak astebete bakarrik duenean, osatu behar duten organoaren arabera alde batean edo bestean kokatzen dira zelulak. Bakoitza dagokion lekuan kokatzeko zelulek zilio berezi batzuk dituzte. Zilio horiek mugituz sortzen den korrontearen bidez, zelulak mugitu eta ordu gutxiren buruan bakoitza dagokion lekuan jartzen da.

Zientzialariek artifizialki zilioen mugimendua aldatzean, arratoi horietan organoak alderantzizko lekuetan kokatzen direla ikusi dute. Zilioak sortzeko generik ez duten arratoietan, berriz, organoak inongo ordena gabe kokatzen dira.

Hala ere, esperimentuak
arratoi-enbrioiekin bakarrik egin dira, eta oraindik ez daude guztiz argi sistema horren nondik norakoak. Gizakietan zilioek zenbaterainoko eragina izan dezaketen ez dakite oraindik baina badaude arrasto batzuk: Kartagener-en sindromea deritzon gaixotasun genetiko arraroa esaterako. Gaixotasun hori duten pertsonek beren gorputzeko zeluletan zilioak garatzea eragozten duen mutazio bat dute. Gaixo horien erdiak gorputzeko organoak alderantziz kokatuta dituztela jaiotzen dira.

Organoek gorputzean kokapen egokia izatea oso garrantzitsua da, alderantziz kokatuz gero arazo larriak gerta baitaitezke. Esaterako, bihotza ezkerreko aldean kokatuz gero, ezkerreko birikak presio handia eragiten du, ez baitago bi organoentzat nahikoa leku. Ondorioz, bihotzeko arazo larriak izateko aukera asko dituzte pertsona horiek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia