Bihotz-taupadak laborategian
2008/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Minnesotako Unibertsitatean, transplanteetarako bihotzak sortzeko metodo berri bat garatu dute. Zelula ametatik abiatuta organo berriak nola sortu ikertzen ari direnen arazo handienetako bat organoaren egitura osoa lortzea da. Hau da, zelula-multzo funtzionala lortuta ere, organo osoa egitea oso zaila gertatzen da. Arazo hori gainditzeko, hildakoen edo beste espezie baten organoak euskarri gisa erabiltzea proposatzen dute Minnesotako ikertzaileek.
Bihotzarekin egin duten esperimentuan, hildako arratoi heldu baten bihotza erabili dute euskarria lortzeko, eta, euskarri horretan, arratoi jaioberri baten bihotzeko zelula-nahaste bat txertatu dute. Hori baino lehen, arratoi helduaren bihotzeko zelula guztiak garbitu dituzte, kolagenozko egitura hutsa lortu arte. Ondoren, zelulak txertatu dituzte, eta, egun gutxiren buruan, estimulu elektriko bat emanda, taupadak ematea lortu dute.
Arratoi-bihotzarekin ez ezik, txerriarenarekin ere probatu dute. Izan ere, txerrien eta pertsonen bihotzak oso antzekoak dira, eta dagoeneko erabiltzen dira txerri-bihotzaren balbulak transplanteetan. Beraz, asmoa da, egunen batean, halako euskarri batean pazientearen beraren zelulak txertatzea, eta laborategian lortutako bihotza transplantatzea. Hala ere, hori lortzerako, pauso asko eman beharko dituzte ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia