}

Bihotz-ponpa

2001/11/13 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Bihotz-transplanteen zain dauden gaixoei aldi baterako jarri izan dizkieten bihotz-ponpei esker, gaixoak luzaroago eta hobeto bizi daitezkeela ikusi dute. Hori dela eta, larri egoteagatik transplantea jasango ez luketen gaixoekin era iraunkorrean erabiltzeko dagoela nabarmendu dute.

Osasunaren Amerikako Erakundean aurkeztu berri den ikerketa baten emaitzak LVAD ponparen erabilgarritasuna alda lezake. Ikerketa bihotz-transplanteen zain dauden gaixoekin egin dute, eta luzaroago bizi daitezkeela ikusi dute.

Bihotzeko gaitzengatik hiltzear dauden gaixoekin saiatu dira; larriegi daudelako edo zaharregiak direlako transplantea egin ezin zaien pertsonak. Botikak hartzen ari diren gaixoekin konparatuta, ponpa dutenei bizitza gehiago luzatu zaiela ikusi dute: ponpak lehenengo urtean hiltzeko arriskua ia % 50 murriztu du, medikazioak baino lau aldiz gehiago gutxi gorabehera. Hala ere, ponpak bizitza zenbat luzatzen duen eta zein kostutan egin daitekeen aztertzeke dago.

Ponpak walkmanaren tamaina du, eta, orain arte behintzat, abdomenean ezarri diete gaixoei. Ponparen hodi bat ezkerreko bentrikulan sartzen da, eta horren bidez odola jaso da eta ponpan isuriko da. Ponpak aortara igorriko du, eta horrek garunera eta gainontzeko organoetara garraiatuko du oxigenotan aberatsa den odola. Ponpari lotutako beste hodi bat, ordea, gorputzetik kanpo geratuko da, eta gaixoak eraman beharko duen bateriari lotuko zaio.

Oraingoz, transplantearen zain dauden gaixoekin aldi baterako baino ez da erabili ponpa hori, baina iraunkorra izateko aukera aztertzen ari dira. Oso larri daudenentzat transplantea arriskutsuegia da, eta ponpak bizitza-kalitatea hobe diezaieke, zalantzarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia