}

Bihartik, urte polarra

2007/02/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Ia-ia izan ez dugun negutik izango ote dugun udaberrira begira gaudela hasiko da ofizialki -martxoaren 1ean, alegia, bihar-, Nazioarteko Urte Polarra. Ez da Nazio Batuen izendapen sinboliko bat, ez eta klima-aldaketaren saltsaren efektu arraro bat ere. Eta, urte polarra esaten dioten arren, 2009ko martxora arte iraungo du.
Alemaniarren neumayer basea Antartikan. Nreumayer lehenengo urte polarraren antolatzaileetako bat izan zen.
Alfred Wegener Institutua

Nazioarteko Urte Polarra Munduko Meteorologia Elkarteak (WMO) eta Nazioarteko Zientzia Kontseiluak (ICSU) bultzatu eta koordinatutako ekimena da, bi urtez poloetan ikerketa zientifikoak egiteko. 125 urtean laugarren aldia da horrelako egitasmo bat martxan jarri dena: azkeneko honetan, 63 herrialdek eta 10.000 zientzialarik parte hartuko dute; Ipar eta Hego poloetan 200 proiektutik gora gauzatzea aurreikusi da, eta, guztira, 1.200 milioi euro inbertituko dituzte parte-hartzaileek.

Poloak eskualde interesgarriak dira Lurraren fenomeno globaletako asko ikertzeko. Poloetan gertatzen diren prozesu meteorologiko, ozeanografiko eta biologikoek garrantzia handia dute klimaren erregulazioan, esaterako. Gainera, ingurumenean gertatzen diren aldaketen adierazle oso sentikortzat hartzen dira, meatzeetako kanarioen pare. Haiek dira Lurraren magnetismoaren inguruko ikerketak egiteko tokirik egokienak, eta behaketa astronomikoak egiteko atmosfera aproposa dute. Historia ikertzeko ere oso baliagarriak dira, Lurraren iraganaren erregistroak gordetzen baitituzte izotzetan harrapatuta.

Urte polar honetarako, sei arlo nagusitan bildu dituzte ikergaiak: eskualde polarren ingurumen-egoera; iraganeko aldaketak ulertu eta etorkizunekoak iragartzea; prozesu polar eta globalen arteko loturak; zientziaren mugak eskualde polarretan; Lurra eta espazioa poloetatik behatzea; eta gizarte zirkunpolarren jasangarritasuna. Eta, antolatzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, hori guztia, lehenengo aldiz, berotze globalaren eta klima-aldaketaren testuinguruan.

Lehenengoz, aurreko urte polarra egin zenetik mende erdia joan baita. Ez da maiz egiten den ekimena: lehenengo urte polarra 1882-83an egin zuten, berrogeita hamar urte igaro ziren bigarrengoz egin zutenerako, eta beste hogeita bost hirugarrena egiteko, 1957-58an. Orduan, planetaren batez besteko tenperaturaren igoera ez zen agenda zientifikoaren protagonista.

1882ko urte polarreko parte-hartzaileetako batzuk.
NOAA

Urte polarraren ideia Karl Weyprecht esploratzaile eta zientzialariari zor zaio, batez ere. Weyprecht inperio austrohungariarrak 1872-74an Ipar polora egindako espedizioaren buruetako bat izan zen. Espedizio hartan, datu zientifikoak jaso zituzten, ehunka, baina Weyprechtek garbi ikusi zuen espedizio bakoitzak bere kasa jasotako datuek oso erabilera mugatua zutela, eta indarrak elkartu beharrean zeudela fenomeno meteorologikoak eta geofisikoak ulertu nahi bazituzten. Itzulitakoan, "aurkikuntza geografiko hutsagatik egiten zen errentagarritasunik gabeko lehia alde batera utzi" eta "nazioek ikerketa zientifikoetara bideratutako espedizio koordinatuak" martxan jarri behar zituztela proposatu zuen.

Urte batzuk behar izan ziren proposamen hura gauzatu ahal izateko, baina, 1882an, 12 herrialdek batera 15 espedizio antolatu zituzten poloetara: 13 Ipar polora eta 2 Hego polora. Weyprecht 1881ean hila zen, eta ezin izan zuen asmo hura gauzatuta ikusi, baina batera lan egiteko proposamena bizirik dago 125 urte geroago.

Koordinatuta eta elkarrekin lan egitea beti da estrategia ona, ez poloetan bakarrik. Baina, Lurraren bi mutur horietan kondizioak zer gogorrak diren kontuan hartuta, esan liteke nahitaezkoa ere badela. Kontatzen denez, lehenengo bi urte polarretako parte-hartzaileek denboraren ehuneko hamar baino gutxiago eskaini ahal izan zioten zientziari, gainerakoa bizirik irauteko behar izan baitzuten.

Berria-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia