}

Bidezidorrak zelula amen ikerketetan

2005/09/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zelula amekin egiten diren ikerketek bi eratako oztopoak dituzte, batzuk teknikoak dira, eta besteak, etikoak . Arazo etikoak gainditzeko, hainbat bidezidor asmatu behar izan dituzte zientzialariek, eta, azkenaldian, aurrerapauso handiak egin dituzte horretan.
Enbrioiekin egiten diren ikerketek errezelo handia sortzen dute gizartean.

Zelula amak —edozein motatako zelula bilakatzen diren zelula totipotenteak— lortzeko abiapuntua enbrioiak dira. Enbrioi horiek hasiera-hasierako fasean daude, artean zelulak zatitzen eta garatzen hasi direnean; horregatik dira, hain juxtu, hain ahaltsuak zelula horiek. Gaixotasun ugari sendatzeko baliagarriak izan daitezkeela frogatu dute zientzialariek, eta itxaropen handia jarri dute horietan.

Ikerketak egiteko aukera gutxi dute, ordea. Jende askok ezin du onartu enbrioi baten zelulak erabiltzea, enbrioia bera galdu egiten baita zelulak erauztean, garatzeko eta ume bihurtzeko aukerarik eman gabe. Hori dela eta, NIH AEBetako osasun-institutuak muga zorrotzak jarri dizkiete enbrioien zelula amekin aritzen diren ikertzaileei, eta antzeko oztopoak dituzte beste herrialdeetan aritzen direnek ere. Alabaina, zientzialariak ez dira kikildu, eta, zelula amak lortzeko zeharbideak asmatzera behartuta daudenez, beste teknika batzuk garatu dituzte.

Obulurik gabeko ikerketa

Normalean, obulu batetik eta heldu baten zelulatik abiatzen dira. Obuluari nukleoa erauzi eta helduaren zelularena sartzen diote; horri nukleo-transferentzia deitzen diote. Ondoren, obulua estimulatu egiten dute, zatitzen has dadin, eta hortik erauzten dituzte zelula ama totipotenteak.

Heldu baten larruazaleko zelula bat eta zelula ama enbrionario bat, zelula bakarrean fusionatuta.

Argazkia: Chad A. Cowan

Orain, Harvard unibertsitateko talde batek obulurik erabili gabe lortu ditu zelula totipotenteak. Horretarako, polietilen glikola erabilita, zelula ama enbrionarioak fusionatu ditu heldu baten larruazaleko zelulekin, fibroblastoekin. Fusioaren emaitza kromosoma-kopuru bikoitza duen zelula hibrido bat da, eta, ikertzaileek frogatu dutenez, zelula ama enbrionarioek bezalako gene-espresioa du. Hau da, zelula ama enbrionarioaren geneak bakarrik espresatzen dira. Hortaz, badirudi posible dela zelula helduak gaztetzea, zelula ama enbrionarioen material genetikoa baliatuta.

Sortu dituzten zelula horiek saguetan probatu dituzte, eta emaitza onak eman dituzte immunologia-sisteman arazoak zituzten saguetan. Gainera, ilea galdutako tokietan berriro hazteko gaitasuna ere badute. Burusoilek gustura hartu dute berria! Alabaina, teknikak ez du erabat gainditzen oztopo etikoa, enbrioien zelula amen kromosomak beharrezkoak baitira fibroblastoak gaztetzeko.

Enbrioiak garatzeko aukerarik ez badu...

Beste ikertzaile batzuek beste bide batetik jo dute. Portlandeko Unibertsitatekoek enbrioiaren lehen faseetan ezinbestekoa den gene bat blokeatzen dute. Hala, helduaren zelularen nukleoa nukleorik gabeko zelulara aldatzen denean (nukleo-transferentzia egiten denean, alegia), sortzen den zelula ez da inoiz enbrioi bihurtuko. Horrekin, enbrioiak suntsitzen direla argudiatzen dutenen errezeloak gainditu nahi dituzte.

Oztopoak gainditzeko ahalegin bereziak egin behar dituzte ikertzaileek.

Princeton Unibertsitateko talde batek, berriz, gene bat blokeatu beharrean, beste bat neurriz gain espresaraztea proposatu du. Hori eginda, nukleo-transferentzia eginda sortzen den zelula totipotentea da, baina horrek ere ez du enbrioia garatzeko gaitasunik.

Argi dago: era batera edo bestera, errezelo guztiak gainditzeko saiakerak egiten ari dira zientzialariak. Haien ustez, batzuentzat etikoki onartezinak direla eta, ezin dira baztertu zelula totipotenteek ekar ditzaketen onurak. Horregatik ari dira lanean, jo eta su, oztopo guztien gainetik.