}

Bideo-grabaketa luzeagoak

1998/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Japoniako Matsushita konpainiak bideo-zinta super-mehea sortu du, orain arteko bideo-kamera digitalen grabaketa-ahalmena % 50ean handituko duena. Bideo-zinta hauek fabrikatzeko kobaltoa lurrindu behar da tenperatura handitan eta hutsean eta ondoren karbonozko geruza fin batean ezarri. Abantailarik handiena zinta oso mehea izatean datza, kasete normal batean zinta luzeagoa sar baitaiteke.

Orain arteko zintak 7 mikrometrokoak baziren, zinta-mota berriak 5,5 mikrometro besterik ez ditu. Merkatuko bideo-formato berriena Digital Video (DV) izenekoa da, eta era honetako zinta mehearekin ez dago inongo arazorik seinaleak gordetzeko. Metal Lurrinduen teknologia ezaguna da, baina kalitate handiko zintak egiteko baino ez da erabili orain arte, garestiegia zelako. Matsushitak, ordea, zintak luzatzearen aldeko apostua egin du, erosleen nahiak hobeto betetzen dituelakoan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia