Bibrazioak energia elektriko bihurtzeko gailuak

NUPeko Materialen Laborategiko proba-bankua, bibrazioak eragiteko eta biltzaileak (erdiko gailuaren goialdean) baldintza kontrolatuetan zenbat energia elektriko sortzen duen egiaztatzeko. - NUP


Inguruneko bibrazioak energia elektriko bihurtzeko gailu elektromagnetiko batzuk garatu dituzte Nafarroak Unibertsitate Publikoan. Gailuek maiztasun oso txikiko lebitazio magnetikoaren bidez funtzionatzen dute, eta kontsumo txikiko gailuak, hala nola sentsoreak edo kontrol-sistemak, elikatzeko diseinatu eta optimizatu dituzte.

Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko (INAMAT2) eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileek 3 Hz-tik beherako maiztasuneko lebitazio magnetikoaren bidez funtzionatzen duten prototipoak eraiki dituzte. Azaldu dutenez, tarte hori oso interesgarria da benetako hainbat bibrazio-iturritan dagoelako. Hain zuzen ere, proiektuaren helburua izan da ingurune askotan bibrazio mekaniko gisa dagoen energia-iturri hori baliatzea. Energia hori azpiegitura zibiletan, zubietan, makineria industrialean, garraioan, giza mugimenduan eta haizeari edo ur-fluxuei lotutako fenomenoetan aurki daiteke.

Diseinatu dituzten gailuek (biltzaileek) indukzio elektromagnetikoa baliatzen dute: bibrazioek iman baten eta bobina baten arteko mugimendu txiki bat eragiten dute eta mugimendu erlatibo horrek korronte elektrikoa sortzen du. Horrela, energia mekanikoaren zati bat elektrizitate bihurtzen da, eta kontsumo txikiko aplikazioetan erabil daiteke.

Teknologia piezoelektrikoan oinarritutako gailu komertzialak badaude, baina 50 Hz-tik gorako bibrazioetan funtzionatzen dute ondo; alegia, bibrazio azkarretan (segundoko 50 aldiz baino gehiagotan errepikatzen denean). Zubietan edo garraioetan, esaterako, bibrazio askoz motelagoak izaten dira dira, eta teknologia-mota horrek emaitza okerragoak izan ditzake kasu horietan.

NUPen diseinatu dituzten prototipoak 50 Hz-etik berako maiztasunetara doitzeko aukera ematen dute, maiztasun otso txikietaraino (3 Hz-tik beherakoa). Maiztasun oso txikiko mailara iristeko, lebitazio magnetikoa deritzon fenomeno bat erabiltzen dute: piezen mugimendua marruskadura minimoarekin eusten eta gidatzen duten imanak.

Gainera, gailuak kostu txikikoak dira, eta ez dute elementu estrategikorik behar, altzairuzko euskarri magnetikoak eta ferritak erabiltzen baitituzte, lur arraroekin egindako imanen ordez.

Gailuek duten tamaina txikiagatik eta sortzen duten potentziagatik, kontsumo elektriko baxuko elektronika elikatzeko soluzio gisa planteatu dituzte, hala nola sentsoreak edo kontrol-sistemak. Kasu horietan gailu hauek aukera ematen dute kableatua eta bateriekiko mendekotasuna murrizteko.

Gailu horiek diseinatzeko eta optimizatzeko garatu dituzten simulazio-tresnak komunitate zientifikoaren eskura jarri dituzte, sarbide irekiko biltegietan, bibrazio-energia atzitzen lan egiten duten ikertzaileek eta teknologoek tresna horiek erabili ahal izan ditzaten.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali