}

Bibotea, zertarako?

2001/07/06 Elhuyar Zientzia

Itsas txakurraren biboteak funtsezko zeregina duela argitaratu dute gaur Science aldizkarian. Ez da, ez, apaingarria, ehizarako tresna baliotsua baizik.

Izurdeak sonar bidez detektatzen du harrapakina eta 110 metro urrun dagoena ere antzeman dezake. Itsas txakurrak nola ehizatzen zuen, aldiz, misterioa izan da orain arte. Ikusmena edo entzumen pasiboa erabiltzen zituela esan izan da, baina froga argirik gabe.
Bonn-eko Unibertsitateko Guido Dehnhardt ikertzaileak ez zuen teoria horietan sinisten, besteak beste, itsas txakurra oso ur uherretan primeran ehizatzeko gai delako, eta erabat itsuak diren itsas txakurrak ere badaudelako.

Bestelako azalpen baten bila, biboteari erreparatu zion. Itsas txakurraren bibote finak 80 bat folikulu eta bibrazioak antzemateko gai diren 25.000 hartzaile ditu. Jendeak uste ez bezala, bibotea ez da bakarrik oso hurbileko mugimenduak antzemateko gai; itsas txakurrak, adibidez, 180 metrora dauden arrainen mugimendua senti dezake, metroaren milioirena bezain txikiak diren ur-mugimenduak antzeman baititzake bibotearen bidez.

Teoria frogatzeko, amuarrain handi baten moduko arrastoa uzten zuen urpekaria jarraitzeko entrenatu zituzten bi itsas txakur. Begiak estaltzen zizkieten eta burua ur gainean edukiarazi, urpekariak bere bidea egin eta itzaltzen zuten arte. Horrela, ez ikusmenak, ez usaimenak, ezta soinuak ere, ezin zien urpekariaren ibilbidearen aztarnarik eman. Itsas txakurrek beti jarraitzen zioten urpekariak utzitako arrastoari. Aldiz, burua galtzerdi batez estali eta biboteak blokeatzen zizkietenean, ez ziren urpekariaren arrastoa jarraitzeko gai.

Esperimentu horiek urpeko orientazio-sistema berri baten aurrean gaudela ziurtatzeko moduko froga direla uste dute ikertzaileek. Orain, itsas zabalean bizi diren itsas txakurrak aztertu nahi dituzte, eta, gero, emaitzak beste bibotedun itsas ugaztunentzat balio dezaketen ikusi.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia