Bi urtez azpiko haur gorrek berriz entzun dezakete
2002/12/02 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Klinika Unibertsitarioa aitzindaria da inplante koklearretan. Teknika horrekin, entzumen-nerbioa elektrikoki kitzikatzen duen sistema bat jartzen da belarriaren ordez.
Inplante koklearren programa 1989an abiarazi zuten eta urtebete geroago egin zuten lehenengo ebakuntza. Lehenengo hartan 11 urteko neskato bati ezarri zioten inplantea, eta 1992an, berriz, 2 urteko haur bati, lehenengoz. Egun 10-12 hilabete dituzten haurrei ere ezartzen diete inplantea, eta oso emaitza onak lortzen dituzte gainera.
Programa martxan jarri zutenetik, 9 hilabete eta 82 urte bitarteko pertsonen artean, 356 inplante jarri dituzte. Horietatik bi heren haurrei egindako ebakuntzak izan dira; izan ere, gorreria % 80an jaiotzetik bertatik atzeman daitekeen gaixotasuna da, eta inplantea zenbat eta azkarrago jarri, emaitza hobeak lortzen dira. Gainera, hizkuntza ikasi ondoren entzumena galtzen duten helduen artean, % 80k ezpainak irakurri beharrik gabe hitzak errekonozitzeko gaitasuna errekuperatzen dute. Haurren kasuan ehunekoa % 95era heltzen da, beste nolabaiteko gaixotasunik ez badute behintzat.
Teknika
Bi urtez azpiko haurren inplanteak, gainerako beste pertsonei egin beharreko inplanteen aldean ezberdinak dira. Posizioa ezberdina izateaz gain, tamaina ere askoz txikiagoa da. Horrek ebakuntza zehaztasuneko kirurgia bilakatzen du. Hala ere, teknikaren perfekzionamendua eta haurren hezur-ehunaren biguntasuna dela eta, ebakuntzak soilik 45 minutu irauten du.
Ebakuntzaren ondoren, inplantea aktibatu eta programatu behar izaten da, izan ere, haurrek, duten adinagatik, ezin dute lagundu inplantearen aktibazioan.
Beste zenbait aurrerapauso
Duela gutxi arte, inplante koklearrak entzumen-galera larriak zituzten pertsonei bakarrik ezartzen zitzaizkien. Orain, ordea, Klinika Unibertsitarioak audifonoekin emaitza onik lortzen ez zuten pertsonetara ere hedatu ditu inplanteak. Hartara, entzumen-galera larriengatik bizitza pertsonala eta soziala mugatuta duen edonork tratamendu berri bat du aukeran.
Gainera, Otirronolaringologia Sailak, entzumenaren normalizazioa bultzatzeko, alde biko inplanteen programa bat jarri du martxan. Entzumen-kalitatea pertzeptzio binauralaren baitakoa da. Bi belarrien bidez, soinuak nondik datozen jakin dezakegu, zarata-guneetan entzumena hobetzen da eta buruko itzal-efektua desagertzen da. Gainera, entzumenari dagokion plastizitate neuronalaren kasuan, bi belarrietako inplanteak oso eraginkorrak izan litezke.
Lotura: http://www.basqueresearch.com/
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia