}

Bi mila milioi graduko plasma Z makinan

2006/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bi mila milioi graduko plasma Z makinan
2006/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: R. Montoya)

Estatu Batuetako Sandia laborategian bi mila milioi graduko tenperatura duen plasma bat sortu dute, izarren barrukoa baino tenperatura handiagoa. Tenperatura handi hori Z makinaren bitartez lortu dute, metal-hariak plasma bihurtzen dituen makinaren bitartez alegia.

Orain albiste diren esperimentuetan, wolframio-hariak erabili dituzte ohiko altzairu-harien partez, meheagoak baitira, eta aurkitu dute oso metal aproposa dela wolframioa plasmak egiteko. Intentsitate handiko korronte elektrikoa harietatik pasatuta, harien metalaren atomoak ionizatzen dira, eta solidoa gas bihurtzen da. Azken batean, plasma bat lortzen dute modu horretan, hau da, partikula kargatuen fluido bat. Plasmak eremu magnetikoen bitartez kontrolatzen dira; kasu honetan, eremu magnetikoa erabili dute plasma fisikoki konprimitzeko, abiadura emateko eta bat-batean gerarazteko. Ondorioz, tenperatura oso altuan dagoen plasma bat lortu dute, bi mila milioi graduan dagoen plasma bat.

Tenperatura horretan, plasmak X izpiak igortzen ditu berez. Gainera, xurgatu duen baino lau aldiz energia gehiago askatzen du. Horregatik, fisikariek garrantzitsutzat jo dute esperimentua, horrek frogatzen baitu Z makinak hainbat prozesu ikertzeko balio dezakeela: fusioa, erradiazio handia sortzen duten prozesuak, izarretako garrak eta abar.

1
220
2006
5
025
Fisika
Berriak labur
11