Bi kopia; zertarako?
2001/06/29 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Biologian, itxuraz, arau guztiek dute salbuespena. Ia animalia--espezie guztiak diploideoak dira, hau da, kromosama bakoitzaren geneen bi kopia dituzte gametoetan (ugal--zeluletan) ezik, gametoak haploideoak (geneen kopia bakarrekoak) baitira. Eboluzioan espezie haplodiploideoak (ar haploideo eta eme diploideodunak) sortu badira ere, ez da haploideoa soilik den animaliarik aurkitu orain arte. Salbuespena agertu baita: armiarmaren akain faltsua (Brevipalpus phoenicis). Espezie horretako ale edo indibiduoak haploideoak dira.
Emeek partenogenesiaz sortzen dituzte ondorengoak, hots ernaldu gabeko arrautzetatik sortzen dira kumeak. Arrautzek eta helduek bi kromosoma dituzte eta zaila izan da biek loturarik ote duten jakitea. Ez balute, haploideoak lirateke, eta bata bestearen kopia balira, diploideoak. Amsterdameko Unibertsitatean bi kromosomak genetikoki desberdinak direla frogatu dute. Eta, beraz, akain emeak haploideoak direla.
Hainbat proba egin dituzte eta guztien arabera B. phoenicis haploideoa da. Baina nolatan dira haploideoak? B. phoenicis-en arrautzak zelula barneko bakterioa dutela ohartu dira. Gainera, arrautzok antibiotikoekin tratatuz gero, bakterioa hil egiten da eta, orduan, ondorengo arrak sortzen dira.
Hori eta beste zenbait xehetasun jakin badira ere, oraindik gauza asko dago jakiteko kasu honen inguruan (naturan zenbat ar haploideo sortzen den, eme zoldu berrietan meiosia gertatzen ote den eta gertatzen bada ar haploideoekin ugalketa sexualik burutzen ote duten...)
Informazio gehiago:
http://www.sciencemag.org/cgi/content/summary/292/5526/2441
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia