}

Bi izen dinosauro berarentzat

2008/11/09 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Jurassic Park filmaren zale bazara, dinosauro askoren izenak ikasiko zenituen ziurrenik filma ikustean: tiranosauroa, trizeratopoa, brakiosauroa, eta abar. Baina kontuz! Ikerketa baten arabera, erregistratutako dinosauroen izenen ia erdiak baliogabeak dira.

Erregistratutako 1.047 dinosauro espezie-izenen % 16 bikoiztuta daude.
Grafixar

1887an apatosauroaren fosil bat aurkitu zuten lehen aldiz. Bi urte geroago, brontosauroa aurkitu zuten. 1903tik aurrera, ordea, bai batak, bai besteak, apatosauro izena dute ofizialtzat, espezie bera zirela frogatu baitzen orduan. Lehenengo aldaketa izan zen, bai, baina ez bakarra.

Bristolgo Unibertsitateko Michael Benton paleontologoak dinosauroen izenak ikertu ditu lau urtez. Hala, 1824 eta 2004 urteen artean erregistratu diren 1.047 espezie-izenen % 16 bikoiztuta daudela ikusi du —alegia, bi izen erabiltzen direla espezie berarentzat—, eta % 32 akasdunak direla. Ondorioztatu duenez, espezie horiei buruz zehaztasun gutxiko deskribapenak daude, izenak errepikatu egiten dira edo ez dago ikertzeko nahikoa material.

Zergatik gertatzen da hori? Paleontologoek badakite zer arrisku duen beren lanak. Izan ere, fosil asko ez dira osorik agertzen, eta horrek identifikazio-arazoak eragiten ditu. Horregatik, askotan, dinosauro-espezie berri bat aurkitu delakoan, izen berri batekin bataiatzen da. Aldez aurretik aurkitu diren espezieekin alderatuz gero, ordea, espezie bera edo espezie beraren kide gazte bat dela ikusten da.

Identifikazio-rankinga

Ikerketaren datuekin, identifikazio-, asmatze- eta eraginkortasun-rankingak garatu ditu Bentonek. Horien arabera, espezie gehien identifikatu dituena Othniel Marsh paleontologoa izan da. Guztira, 80 espezie identifikatu zituen 1870-1899 urteen artean. Garai hartan, AEBko ‘dinosauroen errege’ izendatu zuten. Baina askotan ez zuen asmatu: erregistratu zituen espezie guztietatik, berrikuspenen ostean, 23 bakarrik mantentzen dira, guztien % 29, alegia.

Fosil asko ez dira osorik agertzen, eta horrek identifikazio-arazoak eragiten ditu (Luke Jones)

Dong Zhiming zientzialari txinatarrak, ordea, asmatze-errekorra lortu du. Dongek 42 dinosauro-espezie erregistratu zituen 1972 eta 2004 urteen artean. Horietatik, 27 mantentzen dira, eta hori da asmatze-kopuru handienaren marka, balio absolutuetan. Hain zuzen ere, Dongen asmatze-portzentajea % 64koa da.

Dongek, ordea, ez du lortu eraginkortasunaren lehen postua. Asmatutako espezie-kopuru handiena lortu arren, erregistratu zituenen artean izen akasdunak zeuden. Eraginkortasunaren rankingean, Xi Xung txinatarrak hartu dio aurrea. Izan ere, Xuk 1999-2006 urteen artean identifikatutako 24 espezieetatik 24 onartu dira, hau da, % 100. Kontuan izan behar da Xuk urteko hiru espezieko abiaduran lan egiten duela.

Gaur egungo espezieak

Ikerketaren ostean ikusitako akatsen kopurua kontuan hartuta, espezieen identifikazioan kontuz ibili behar dela azpimarratu du Michael Bentonek. Hark ere ez zuen espero horrenbeste akats aurkitzea. Akatsak zuzendu eta balio ez duten izenak baztertu ondoren, 500 espezie inguru baliogabetu ditu Bentonek.

Othniel Marsh eta Edward Drinker Cope, “hezurren gudaren” protagonistak.

Hala ere, akats horiek nabarmenagoak dira XIX. mendean erregistratu ziren dinosauro-espezieen artean; izan ere, garai hartan, dinosauro-fosilak aurkitzea lehia bilakatu zen. AEBn izugarrizko lehia sortu zen: “hezurren guda” izenez ezagutzen da Othniel Marsh eta Edward Drinker Cope paleontologo ospetsuen arteko lehia. Lehen ikusi bezala, Marshek irabazi zuen 80 espezierekin —Copek 56 aurkitu zituen—. Ikerketak erakutsi duenez, azken hamarkadetan gero eta akats gutxiago izan dira; identifikazio-lana geroz eta zorrotzagoa izan den seinale.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia