}

Bi hominino-espezie aldi berean bizi izan ziren duela 1,5 miloi urte

2024/12/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bi-hominino-espezie-aldi-berean-bizi-izan-ziren-du
Ezkerreko oina Homo erectus-ena da, eta eskuinekoa Paranthropus boilei-ena. Arg. Kevin Hatala/Chatham University/CC 4.0

Onartuta dago iraganean, Pliozenoan eta Pleistozenoan, hominino-espezie bat baino gehiago bizi zirela aldi berean. Fosilen eskasia dela eta, ordea, ez dago froga sendorik. Orain, Turkana arroan (Kenia) duela 1,5 miloi urteko oinatz batzuk aurkitu dituzte, ordu edo egun beretan egindakoak; ikertzaileen ustez, haien egileak bi hominino-espezie desberdinetakoak ziren: Homo erectus eta Paranthropus boilei.

Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa. FE-22 izena du aztarnategiak, eta, oinatzen azterketatik ondorioztatu dute P. boilei-ren behatz lodia gehiago mugitzen zela, eta, beraz, haren ibilera ez zela H.erectus-arena bezain eraginkorra. Aitzitik, azken horren oina egokiagoa zen ibiltzeko eta distantzia luzeetan korrika egiteko. 

Horrez gain, iradoki dute oinatzak leku berean egoteak erakusten duela ekosistema berean ibiltzen zirela, eta, seguru asko, estrategia bereizituak zituztela leku berean elkarbizitzeko. Ondorio horietara iristeko, aintzat hartu dituzte garai eta leku hartako ebidentzia osagarri ugari, hala nola animalien fosilak eta objektuak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia