Bi erronka COVID-19aren ikerketan

2020/06/10 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Aurrera goaz, zalantzarik ez dago. Pandemiaren fase honetan gauzak aldatu egin dira, eta ez gizarte-mailan bakarrik. Esparru zientifikoan ere aurreratzen ari gara, baina, beti gertatzen den bezala, ez nahi bezain azkar. Niri burura bi hitz etortzen zaizkit: txertoa eta immunitatea.

Zitokinen jarioa Arg. CC BY-SA 4.0

Txertoaren ikerketa bidean da. Hori bai, ez dakigu zenbat denbora beharko den txerto bat garatu eta segurua dela ziurtatu arte. Txertoaren ideia da birusaren zati bat ematea gorputzari, eragin kaltegarria ez duen zati bat, eta horrekin sistema immunologikoaren erantzuna suspertzea. Baina zer zati?

Aukera on bat da birusaren S proteina ematea; hau da, gure zelulen paretarekin lotzen den proteina. Gure errezeptoreak bilatzen dituen zatia. Nolabait esateko, S proteinak birusaren pareta eta zelularena fusionatzen ditu eta birusaren material genetikoa zelula barrura sartzen du.

Bada, txertoa proteina horrekin zuzenean egin beharrean, ikertzaile- kontsorzio batek, proteina hori kodetzen duen genea erabili nahi du. Nola? Bada, S proteinaren genea beste birus baten barruan sartuz, eta birus berri horrek gure zelula infektatuta. Bigarren birus hori ez da kaltegarria guretzat, eta erabili egiten dugu gene bat gure zelulen barruan sar dezan. Terapia genikoaren betiko ideia da.

Hain zuzen ere, kontsorzio horren parte da Donostiako Viralgen enpresa, horrelako birusak prestatzen adituak. Ea zortea duten, baina estrategia horrek funtzionatzen badu ere, txertoaren eraginkortasuna eta segurtasuna bermatu behar direnez, udazkenera arte gutxienez ez dute txertoa aterako.

Bigarren hitz bat aipatu dut: immunitatea. Zer dakigu birus jakin honen kontrako immunitateari buruz? Gai konplexua da. Oro har, gure sistema immunologikoak estrategia eta mekanismo asko ditu. Badago ezezaguna den edozein partikulari eraso egiteko mekanismo bat eta badaude eraso espezifikoak egiteko mekanismoak ere. Antigorputzak sortu ditzakegu espresuki birus jakin baten kontra, baina hori gertatzeko seinale molekularren sare konplexu bat jartzen da martxan. Zitokina izeneko proteina batzuek eramaten dituzte seinaleak zelula batetik bestera. Baina mekanismo hori deskontrola daiteke. Berrelikatu daiteke. Adituek zitokinen ekaitza deitzen diote hori gertatzen denean, eta arriskutsua da geure zelulak kaltetu ditzakelako.

Koronabirus honen kasuan horixe gertatzen da, Science Direct aldizkariko artikulu batek dionez, zitokinen ekaitza da COVID-19 delakoarekin zerikusia duen gertakizun arriskutsuena eta hilgarriena. Hala ere, ematen du posible izango dela zitokinen ekaitzari aurre egitea: Natureko artikulu batean “counteract” aditza erabiltzen dute. Hau da, kontra egin dakioke zitokinen ekaitzari. Baina horretarako ulertu egin behar da zein den zitokina horien sare konplexua, seinaleen sare konplexua. Ez da lan erraza.

Beraz, COVIDaren kontrako immunitatea ulertzetik urruti gaude oraindik. Ikertzaileak oso azkar ari dira lanean. Baina egin behar duten ahalegina ere oso handia da. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia