Betelgeuse izarraren distira-aldaketen eragilea aurkitu dutela iradoki dute
2025/08/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Betelgeuse izar superrerraldoi gorriak aspalditik jaso du astronomoen arreta. Hain zuzen, hamargarren izarrik distiratsuena da, eta haren distira aldatu egiten da aldizka. Astronomoek ez zekiten zergatik gertatzen ziren distira-aldaketa horiek, baina, aspaldiko hipotesi baten arabera, oso litekeena zen beste izar txiki bat izatea gertuan, eta haren orbitak eragitea distira-aldaketak. Kontua da, izar hori existituko balitz ere, Betelgeuseren distira handiak ez ziela hura bereizten uzten. Orain, The Astrophysical Journal Letters aldizkarian, izar txiki hori behatzea lortu dutela iragarri dute.
Aitortu dute behaketa gehiago behar dituzte guztiz baieztatzeko, baina, aurreratu dutenez, lortu duten irudia bat dator hipotesi horrekin. Irudia lortzeko, munduko teleskopio handienetako bat, Gemini North, erabili dute, eta irudiak tratatzeko sistema berezi bat, Alopeke.
Horren bidez, Betelgeuseren gertuko kidea zuzenean behatu ahal izan dute. Orain, 2027ra arte itxaron behar dute berriz behatzeko, orduan egongo berriro ikusgai.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia