Beste mundu batzuen bila
2000/05/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain urte gutxi arte, Lurretik kanpoko bizitzaz hitz egiteak espekulaziorako bidea zabaltzen zuen gehienetan. Horren adibide dugu Eguzki-sistematik kanpo bizitza adimenduna izan dadin dagoen probabilitatea kalkulatzen duen Drakeren formula ezaguna. Ez du oinarri zientifikorik falta, zalantzarik gabe, baina espekulaziotik ere ez, datu urritasunak eraginda.
Adibidearekin segituz, ezin esango dugu kalkulu horrek, gaur egun, bere garaian baino fidagarritasun handiagoa duenik, baina beharrezkoa duen aldagaietako baten kasuan behintzat, aipatutako datu-urritasuna gainditzeko egitasmo sendoak abian jarri direla esan daiteke. Eguzki-sistemaz kanpoko planeten arazoaz ari naiz, hain zuzen. Programa sendo horien ondorioak nabarmenak dira, 1992az geroztik jada 32 planeta aurkitu direlako Eguzki-sistematik kanpo. Azken biak martxoan lortutako emaitzak ditugu: Saturno baino txikiagoak diren planeta bi beste hainbeste izarren inguruan. Orain arte aurkitutakoak horiek baino askoz ere handiagoak izan dira, gehienak Jupiter erraldoia baino handiagoak, eta horregatik azkeneko aurkikuntza hauen garrantzia. Azken aurkikuntza honek aditzera ematen du Lurraren tamaina eta itxurako planetak ere egon litezkeela.
Hala ere, aurkitutako planeta berrien nahiz aurretik ezagutzen zirenen orbitak berezitasun aipagarria agertzen dute: izar zentraletik oso hurbil daude, gutxi gorabehera Merkurio Eguzkitik bezain hurbil edo batzuetan gehiago. Horrek ez du toki handirik uzten hurbilago egon beharko luketen Lurraren antzeko planetentzat.
Dena den, planeta handiak baino aurkitu ez izana gaur egungo detekzio-teknikek eta behaketa-tresneriak eskaintzen duten bereizmen mugatuaren ondorioa da. Izarretatik hurbil egotearen arrazoia, berriz, azterketak orain urte gutxi hasiak izatearen ondorio izan daiteke. Planeta izarretik zenbat eta hurbilago egon orduan eta denbora gutxiago behar du haren inguruko bira egiteko, eta Lurretik lehenago izan dezakegu bere berri. Muga hori kontuan harturik hurrengo urrats interesgarria Jupiterren antzeko planeta bat aurkitzea izango litzateke eta, gainera, Jupiterretik Eguzkira dagoen distantzia bertsura. Kontuan izanik Jupiterren periodoa ia 12 urtekoa dela, helburua lortzeko neurketak beste bost bat urtez luzatu beharko direla uste da. Hau lortuz gero beste planeta txikien existentzia ziurtatzeko probabilitateak handitu egingo lirateke, baina zientzialariak ez dute horretan geratu nahi. Behaketen bereizmena handitu eta planeta txikiak topatzeko misio espazial bi gertatzen ari dira datorren hamarkadarako. Lehenengoa, Space Interferometry Mission misioa, 2006rako prest egongo dela aurreikusita dago. Atmosferak sortutako eragozpenetatik at, Lurraren masa halako bost duen planeta detektatzeko gai izango da 33 argi-urteko distantziara, eta planeta txikiagoak hurbilago baleude, noski. 2011n orbitaratuko litzatekeen Terrestrial Planet Finder misioak, berriz, Lurraren tamainako planetak aurkitu ahal izango ditu 50 argi-urteko distantzia bitartean.
Argi dago, bada, hamar bat urteren epean gauzak askoz ere argiago izango direla arazo honi dagokionean; beste gauza askoren artean, gure Eguzki-sistemaren antzekoak arruntak ala bakanak diren esan ahal izango dugulako, horrek dituen ondorio guztiekin; hala nola, izar eta planeta-sistemen sorrera teoriak eraikitzean nahiz Lurraz kanpoko biziaren bilaketa lanetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia