}

Bertiz jaurerria, bazter zoragarria

1986/06/01 Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bertizko ingurunea ikusgarria bait dago, bai familiarekin egun lasai eta zoragarria igarotzeko eta baita lagunarte-giroan ibilaldi patxadatsuaz inguruneaz liluratzeko ere.

Euskal Herriko txokoak miazteko garaian, ez gintezke gure Nafarroaz ahaztu, eta Bidasoa ibaiaz gorantz joz gero topa dezakegun Mugaire herrixkaren ondoan kokaturik dagoen Bertizko jaurerriaz gutxiago oraindik. Bertan, ingurune ikusgarria bait dago, bai familiarekin egun lasai eta zoragarria igarotzeko eta baita lagunarte-giroan ibilaldi patxadatsuaz inguruneaz liluratzeko ere.

Akaso, hau irakurri ondoren, bertara joateko grina piztuko zitzaizun; baina gero agian, askotan gertatu izan den bezala, behin-betiko desengainoa jasango duzu. Baina, arrisku horietan sartzeko edo ez sartzeko erabakia, zure esku geratzen den zerbait da, eta ni ez naiz nor horretara behartzeko. Beraz, nik nire lanari ekingo diot; hau da, Bertizko jaurerriaren berri emateari.

Hasieran aipatu den bezala, Bertizko jaurerria, Bidasoa ibaiaren ertzean, Bertizarana deritzon udalerrian kokaturik dago. Gaur egun, Parke Naturala da, baina bertara igaro ahal izateko, Mugairera heltzea nahitaezkoa da; Mugairen bait dago Bertizko jaurerriarekin bat egiteko egokiera; hau da, sarrera.

Bestalde aipatzekoa litzateke jaurerri honek dituen mugerriak. Ez bait dago Bertizaran udalerriaren erdikaldean kokaturik; ertz batetan baizik. Iparralderantz Etxalar udalerria, ekialderantz Baztan udalerria, hegoalderantz Bidasoa ibaia eta mendebalderantz Bertizaran udalerriaren beste lurraldeak eta "Lau Herriren mendia" deritzona.

Landareei dagokionez, zer-nolakoa izango den ondorioztatzea ez litzaizuke zaila gertatuko. Euskal Herri osoan ez bait dago, klimatologiari dagokionez, aldaketa handirik eta iparralderantz kokaturik dauden lurraldeetan are eta gutxiago. Bai, ongi pentsatu duzunez arboladi atlantiar nahasia da nagusiena Bertiz jaurerrian, eta nahiko egoera onean gainera, banaketa orokorra honako hau delarik: hezetasun handiko alderdietan (alderdirik baxuenetan) haritza da jaun eta jabe, 500 metroko altuera inguruan eta gaztainondoz osaturiko zerrenda bat igaro ondoren berriz, pagadia; eta altuera handiagotan, ametza.

Arantzadun limonondoa.

Bestalde, Bertizko lorategian aurkitzen diren mota desberdinak aipatzekoak dira; hauetariko batzuk ingurune hauetan bakanak bait dira eta beraz, gure lurraldean arrotzak. Hona hemen batzuren izenak: banbu berdea, kamelia, palmondoa, Txinako ginkgoa, kakia, Italiako kakia, arantzadun limonondoa, likidanbarra, zumar ingelesa, izei espainiarra, errododendroa, sekuoia erraldoia, Kaliforniako sekuoia, tuliparbola, eta abar.

Bertizko ugaztunak berriz, edozein mendi atlantiarretan topa daitezkeenak dira. Espezie ikusgarriak ez izan arren, interes handiko elementuak aurki daitezke.

Bizi direneko habitaten arabera sailkatuz gero, jaurerrian topa daitezkeen ugaztun-espezierik nagusienak honako hauek dira:

    Tuliparbola.
    Jaurerri osoan aurkitzen direnak: basasagua, sagu lepahoria, satorra, satitsu txikia, soro-muxarra,...
    Belartegitan topa daitezkeenak: baratz satitsua, satitsu arrunta, larre-lursagua, landa-lursagua, satortxoa, uzta-sagua,...Menditan topa daitezkeenak: satitsu buztankarratua, lursagu gorria, muxar grisa,...Gizabizitza egiten den lekutan aurki daitezkeenak: arratoi beltza, arratoi arrunta, etxe-sagua,...
  • Hezetasun handiko lekutan topa daitezkeenak: ur-satitsu hankazuria, muturluze piriniarra, trikua, katagorria, lepazuria, erbinudea, azeria, azkonarra, basurdea, orkatza, igaraba, ipurtatsa, basakatua, erbia, untxia,...
Txinako GINKGOA.

Bertizen aurki daitezkeen anfibio- eta narrazti-espezie desberdinen kopurua nahiko urria da, zeren lehen aipatu denez, klimatologiari dagokionez aldaketa txikia bait dago. Bertako klimatologia kantauriarra da, eta dakigunez ingurune honetan aurkitzen den espezie-kopurua oso txikia da.

Anfibioen artean honako hauek dira aipagarrienak: arrabioa, arrunta, basa igela, txantxiku arrunta, uhandre marmolairea, uhandre palmatua, ur-igel arrunta,...

Narraztien artean berriz honako hauek: horma-sugandila, zirauna, musker berdea, suge berde-horia, Eskulapioren sugea, suge biperakara, suge gorbataduna, sugegorri kantauriarra,...

Hegaztiei dagokionez zera da aipagarriena: bertan jadanik 50 espezie desberdin topatu direla; datuetatik 37 espeziek bertan egiten dute habia, 5 espeziek habia egin dezakete eta gainontzeko 8 espeziek ez dute bertan habiarik egiten.

Hauetan aipagarrienak ondokoak dira: zapelatz arrunta, urubi arrunta, okil handia, euli-txori beltza, erregetxo bekainzuria, txinbo kaskabeltza, txepetxa, gerri-txori arrunta, garrapoa, amilotx mottoduna, mendi-txirriskila, txantxangorria, zozo arrunta, eta abar.

Azkenik eta habitatari dagokionez ezin ahaztu arrainez; beraz, gainbegirada honi amaiera eman aurretik, bertan bizi diren arrainak zeintzu diren esatera noakizue. Bertizko esparrua eta ingurunea zeharkatzen duten erreka garbiek, arrain-populazio trinkoa mantentzen dute. Jaurerri horretan, populazio hau ur korronte garbi eta bizkorretan bizi diren honako sei espezie desberdinek osatzen dute: aingira, izokin, mozkar arantzagabe, burtain, zarbo, eskailu eta amuarrainak.

Ikusi ahal izan duzunez, Bertiz jaurerria aberatsa da flora eta faunaz eta bertan mota askotako espezieak bizi dira. Zure zaletasunarekin bat badator, zuretzat ere egokiera bikaina eskaintzen du jaurerri honek. Bestalde, hasieran esan den bezala, bestelako ekintzak edo kirolak egiteko zabaluneak ere baditu. Beraz, egun hauetan zeregin jakinik ez baldin baduzu, hor duzu posibilitate berri bat. Betiko ingurunetatik irteteko aukera paregabea, gure lurra ezagutzeko posibilitatea eta ongi igarotzeko bidea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia