Berriz ere planktonak salbatuko al gaitu berotze globaletik?
2000/09/26 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
izakiaren jarduerek Lurraren tenperatura igotzen dutela gauza jakina da. Teoria berri baten arabera, fitoplanktonak alderantzizko eragina eduki dezake prozesu horretan.
JARDUERA bolkaniko biziaren ondorioz, duela 55 bat milioi urte, Lurra gaur egun baino beroago zegoen. Jakina denez, eskualde polarrek ez zuten izotz geruzarik. Izan ere, itsas mikroorganismoen karkasetan eginiko analisiek erakusten dute Antartikako kostako uraren tenperatura 13 eta 20 ºC bitartekoa zela. Baina aldaketa bakarrak ez ziren berotze mailarenak izan. Bizidunek ere jasan zuten aldaketarik. Esaterako, ur sakonetan bizi ziren mikroorganismo batzuk iraungitze masiboa pairatu zuten eta lurreko ugaztunek eta planktonak aldiz, dibertsifikatu ziren.
Kontrako bi teoria
Jarduera bolkanikoaren aitzin, ozeanoko sedimentuetan karbono kantitate handiak metatu ziren gas hidratatu gisa, hau da, metano eta ur kristal solido moduan. Ozeanoa berotzean, ordea, gas hidratatu horiek oreka galdu zuten. Metanoa azaleratu egin zen eta atmosferako oxigenoak oxidatu egin zuen. Ondorioz, metanoak libratutako karbonoari esker, karbono dioxido kantitatea oraindik gehiago emendatu zen. Mila urteko eskala batean, garai hartako aldaketa gizakiaren eraginez gertatzen ari den aldaketarekin konpara daiteke.
Jakina da, eskualdeen araberako tenperatura aldaketek eragin zuzena dutela ozeanoen mugimenduetan. Izan ere, tenperaturak haizearen eta, ondorioz, itsaslasterren norabideak aldatzen ditu. Orain arteko teoriaren arabera, garai hartan ozeanoko zirkulazioa geldotu zen eta eguzki izpiek elikagai gutxiagori ematen zieten argia. Ondorioz, plankton produkzioa eta fotosintesia ere gutxitu egin ziren.
Oxford Unibertsitateko Bains ikerlariaren teoria erabat alderantzizkoa da. Ikerlari horren ustez, atmosferako karbono dioxido kontzentrazioa handitu egin zen eta tenperatura 6 ºC igo zen 30.000 urtetan. Karbono dioxidoa igotzeak fotosintesia bultzatu zuen eta, ondorioz, fitoplankton kopurua handitu zen.
Planktona ugaritu zela frogatzeko, Bainsek ozeano hondoan, Atlantikoaren iparraldean eta Antartikoan, garai hartako bario sulfato asko aurkitu izana nabarmentzen du. Bario sulfatoaren iturri nagusia organismo biziak dira. Ikerketa berriak erakusten du lotura sendoa dagoela bario sulfatoa igotzearen eta planktona hiltzean ozeano hondoan erortzen den karbono organikoaren artean. Zehazki, Bainsen ustez, bario sulfatoa aurkitzeak plankton asko hil zela adierazten du.
Bestalde, produkzio handiko lekuetan bakarrik aurki zitezkeen espezie planktoniko batzuk lurralde askotan agertzen hasi ziren. Arroka aztarnek ere produkzio biologikoa asko handitu zela erakusten dute.
Planktonaren jarduera azkarrak atmosferako karbono dioxidoa zurgatu zuen. Horrela, 60.000 urteren buruan, tenperatura berriz ere jaitsi zen.
Oraindik ez dago batere argi zein teoria den zuzena. Dena dela, bigarren teoria hori egiaztatuko balitz ere, Lurraren tenperatura hozteko beste 60.000 urte itxaron beharko lirateke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia