Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Berri onak


Zientzia-munduari zein handik kanpokoari begiratuta, ez da zaila ezkor izateko arrazoiak topatzea. Badira, ordea, argi-izpiak ere, eta komeni da halakoak gogoan hartzea, etorkizunerako eredu izan baitaitezke.

Haietako bat da genero-berdintasuna bultzatzeko Europako erakunde zientifiko batzuek sinatu duten adierazpena. Hau da adierazpenaren izenburua: “Goi-mailako hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan genero-ekitatea sustatzeari buruzko adierazpen bateratua”, eta sinatzaileak Europako Batasuneko genero-berdintasuneko politikengatik saria jaso duten hamaika erakunde dira, Europako nabarmenetakoak. Tartean daude, esaterako, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC), Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentroa (CNRS) eta Kataluniako Rovira i Virgili Unibertsitatea.

Testuan, sinatzaileek aitortzen dute ezinbestekoa dela genero-diskriminazioari aurre egiten jarraitzea, zientziak erantzun ahal izan diezaien etorkizuneko erronka sozialei eta ekonomikoei.

Nazioarteko testuingurua aintzat hartuta, adierazpenak balio berezia hartu du, AEBn justu kontrako erabakia hartu baitzuten urte-hasieran: Trumpen administrazioaren aginduz, eten egin dituzte dibertsitatea, ekitatea eta inklusibitatearekin zerikusia duten programa guztiak.

Beste berri on bat, oso bestelakoa, txertoek eman dute. Horretan ere, AEBko gobernua txertoekiko errezeloa pizten saiatu da, baina konfiantza sendotzeko datu eztabaidaezinak aurkeztu dituzte Europako bi ikerketatan; bat epe luzekoa, papilomabirusaren txertoaz (HPV), eta bestea, berriagoa, arnas birus sintzitialaren txertoaz (VRS). HPV birusaren aldaera gaiztoenak umetoki-lepoko minbiziaren eragile nagusiak dira, eta, Danimarkan, 2008an hasi ziren aldaera horien kontrako txertoak jartzen neska gazteei. Gerora, txertaketarekin jarraitu eta zabaldu dute, eta, ondorioz, birusaren aldaera horiek ia desagerraraztea lortu dute. 

Beste birusak, VRS, bronkiolitis akutua eragiten du haur txikietan. Euskadin, iaz, haur goiztiarren, jaioberrien, eta gaitz kronikoak dituzten bi urtetik beherako haurren % 90 txertatu zituzten. Emaitza argia izan da: % 50 jaitsi dira ospitaleratzeak.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali