}

Bero-trukagailu txiki-txikia

2002/12/30 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Mikroelektronikan tamaina txikia funtsezko ezaugarria da. Eta mikroelektronikan ohikoa da gune txiki batean bero handia pilatzea. Tekniker zentro teknologikoa bero hori guztia desagarrarazteko gai den bero-trukagailu txiki-txiki bat garatzen ari da.

Bero-trukagailu horrek ohikoek bezala funtzionatzen du, baina ez da ohikoak bezalakoa. Tamainaz, askoz ere txikiagoa da: 4 cm²-ko azaleran sartzen da. Horri esker, mikroelektronikan aplikatu ahalko dela uste dute Tekniker-eko ikertzaileek. Mikroelektronikan gune txikietan bero asko pilatu ohi da eta, sistemak hondatzea nahi ez bada, ezinbestekoa da bero hori guztia desagerraraztea. Horretarako, tamainaz txikia den eta bero asko barreia dezakeen trukagailua oso egokia izan daiteke.

Tekniker garatzen ari den bero-mikrotrukagailua.
Tekniker

Tekniker-ek CSICen Eduardo Torroja zentroarekin, Carlos III Unibertsitatearekin eta Sener-ekin batera dihardu lanean. Mikrotrukagailua prototipo-fasean dago oraindik, baina potentzia termiko handietarako balioko duela espero dute. 100 W/cm 2 -ko potentziekin lan egingo duela kalkulatu dute.

Mikroelektronikarako bakarrik ez

Horrelako gailu batek mikroelektronika ez den esparruetan ere aplikazioak izan ditzakeela pentsatzen dute Tekniker-eko ikertzaileek. Adibidez, airea girotzeko sistema autonomoa izango duten janzkiak egin daitezkeela proposatu dute. Janzki horiek gune poluituetan edo hondamen-eremuetan erabiliko lirateke, garbiketa-lanak egiteko.

Automobilgintzan ere, airea girotzeko hautabide gisa balio dezakeela iradoki dute Tekniker-etik. Izan ere, automobilgintzaren sektorea aire girotuaren ohiko ekipoa aldatzeko aukera aztertzen ari da. Ekipo hori, gaur egun, konpresio-mekanikozko zikloetan oinarritzen da eta igortzen dituen gasek, atmosfera poluitzeaz gain, klima-aldaketa eragin eta ozono-geruza zulatzen dute. Hemendik aurrera, ziklo-mota horren ordez xurgatze-zikloak erabili nahi dituzte.

Tekniker, Senerrekin batera, prototipoa diseinatzeaz, fabrikazio-arazoez eta ekoizpenerako diseinuaz arduratu da. Besteek mikrotrukagailuarentzako eredu teoriko bat sortu dute, esperientziak simulazioekin alderatu ahal izateko. Horrela, inoiz eredu hori errealitatearekin bat baletor, bigarren mikrotrukagailu baten portaera termodinamikoa optimizatu ahalko litzateke.

www.basqueresearch.com

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia