Berez konpontzen diren materialak
2001/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Illinoisko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek berez konpontzen den material sintetiko bat diseinatu du, sistema biologikoek ehunak konpontzeko erabiltzen duten mekanismoan oinarrituta. Ohiko polimero-material batean arrakala eratzen den bakoitzean, kaltea egitura osoak jasaten du. Arrakala oso sakon sortu bada, egiturak jasaten duen kaltea handiagoa da eta, gainera, oso zaila da arrakala hori detektatzea eta konpontzea. Material berri horretan, ordea, kalteak berez konpontzen dira.
Horretarako, mikrokapsulatan gordetako agente “sendagarria” eta egituraren gunea inpregnatzen duen katalizatzaile berezi bat erabiltzen ditu. Arrakala agertzean, mikrokapsulak apurtu egiten dira eta barnean duten agentea kaltea jasan duen eskualdean zabaltzen dute. Agenteak eta katalizatzaileak bat egiten dutenean, polimerizazioa gertatzen da eta arrakala itxi egiten da. Egindako saioen emaitzen arabera, era horretako materialak hasierako erresistentziaren % 75 arte berreskuratzeko gai dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia