Bere kabuz konpontzen den goma
2008/02/21 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Gomazko materialak, oro har, kate-itxurako molekula luzeak dira. Horiek eratzeko, molekula txikiago batzuk (monomeroak) lotzen dira lotura kobalenteen bidez. Gainera, elastikoak dira, hau da, deformatuz gero, jatorrizko forma berreskuratzen dute. Baina katea punturen batean mozten bada, ezinezkoa da bi mutur horiek lotzea; ez, behintzat, ingurune-kondizio normaletan. Ludwik Leibler buru duen Parisko kimikari-talde batek, ordea, moztu eta gero bere kabuz konpontzen den goma bat sintetizatu du.
Sekretua goma eratzeko erabili dituen monomeroak dira. Bata bestearekin lotura kobalenteen bidez lotu ordez, hidrogeno-zubiak eratzen dituzte. Hidrogeno-zubiak askoz ahulagoak dira lotura kobalenteak baino. Izan ere, ez dira lotura kimikoak, molekulen arteko elkarrekintzaren ondorioz sortutako erakarpen-indarrak baizik.
Lotura kobalenteak ez bezala, hidrogeno-loturak giro-tenperaturan egin eta desegin daitezke. Horrek propietate berezi batzuk ematen dizkio sortu duten materialari. Besteak beste, oso material elastikoa da (tamaina originala halako bost luza daiteke, eta minutu baten buruan jatorrizko tamainara itzultzen da), eta, puskatuz gero, aukera dago hautsitako loturak konpontzeko. Apurtutako muturrak elkarren ondoan jartze hutsarekin lor daiteke hidrogeno-zubiak berriz eratzea, eta, hala, hautsi aurretik genuen goma berreskuratzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia