Bere burua konpontzen duen plastikoa
2001/02/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Egunero erabiltzen ditugun plastiko gogorrez egindako gauzak denborarekin pitzatu egiten dira; horri plastikoen nekea deitzen zaio. Orain, Nature aldizkarian argitaratu berri denez, Illinoisko Unibertsitatean pitzadura horiek berez konpontzen dituen plastiko-mota berri bat asmatu dute.
Polimero-matrizeek beirazko zuntzak, karbonoa eta beste osagai batzuk izaten dituzte beren egituraren barruan. Bibrazioen, tentsioen eta pisuaren eraginez, pitzadura txikiak azaltzen dira, horiek handitzen joaten dira, azkenean, materiala erabilezin bilakatu arte.
Arazo horrentzako irtenbidea aurkitzeko, polimero-matrizean ile baten lodierako kapsula batzuk tartekatu dituzte. Zartadurak, zabaltzen denean, kapsulak hausten ditu eta hauek barnean daramaten kola likido bat askatzen dute. Matrizean dagoen katalizatzaileak eta molekula likidoak elkar ukitzen dutenean, kola likidoa polimerizatu egiten da. Ondorioz, zartatutako bi aldeak elkartzen dituen sare zabal bat eratzen da.
Emaitza egokia izan dadin, kapsulek gogortasun zehatza izan behar dute. Inguratzen duen matrizea baino askoz gogorragoak badira, zartadura txikiak kapsulara iristean desbideratuak izango dira. Aldiz, bigunegiak badira, zartadurak erraztuko ditu. Horretaz gain, likidoak egonkorra izan behar du kapsula barruan dagoen artean eta jariakorra kapsula hautsitakoan. Bestalde, katalizatzailea ukitutakoan erraz polimerizatu behar du.
Egindako ikerketan, zartatutako materiala bi egun geroago osatuta zegoela ikusi zuten eta jatorrizko erresistentziaren % 75 gordetzen zuela. Lehen ere horrelako material bat lortzeko saiakerak egin badira ere, hain emaitza onak eta erabilgarriak lortzen dituzten lehenengo aldia da.
Material hori zabal dadin eragozpen handienetako bat prezioa da. Dena dela, oso interesgarria izan daiteke hainbat kasutan, hala nola, protesietan, organo artifizialetan, sateliteetan edo zubi handietan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia