}

Berdearen gaineko eztabaida

2000/01/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Bulegoan landare bat jartzen denean, gehienetan, naturaren oroigarri da, baina landare horien betebeharrak mitifikatu egin dira

Zientzialariak ez dira ados jartzen. Ikerketa batzuen arabera, itxiguneak apaintzeko lantzen diren etxe barruko landareek airearen poluitzaileak nabarmenki urritzen dituzte. Beste ikerketa batzuetako emaitzetan aurkakoa ikusten da.

Mendebaldeko gizartearen kezka bat eraikinetan sortzen den giroa da. Besteak beste, bulegoetan bentzenoaren, formaldehidoaren eta karbono monoxidoaren kontzentrazioak handi samarrak izaten dira. Molekula hauek poluitzaile organiko hegazkorrak dira. Arnasketaren bidez substantzia hauek guztiak luzaroan irentsiz gero langileak nekatu egiten dira, erraz haserretu eta ezinegona nabaritzen dute. Eraikinetako gaixotasunaren sindromea izenez ezagutzen da. Baina, kaleko jakinduriaren arabera, irtenbidea barruko landareetatik dator.

Zientzialarien arduran

Baieztapen hori egiaztatzeko, NASAk eta ALCAk (Associated Landscape Contractors of America) bi urteko azterketa burutu dute. Bulegoetan egon ohi diren dozena bat espezie erabili dira ikerketan. Landareak plastikozko ontzietan sartu ondoren gasak injektatu eta poluitzailedun atmosfera sortu zaie. Emaitzak adierazgarriak izan dira oso. Aztertutako landare guztiak dira gai poluitzaileak desagertarazteko. Espezie batzuk formaldehidoa desagertarazten dute erraztasun handiagoarekin eta beste batzuk bentzenoa, eta abar. Emaitzak hain dira arrakastatsu, ezen etorkizuneko espazio estazioetan erabiltzea erabaki den.

Azkeneko New Sciencist aldizkariak, ordea, ez ditu hain berri onak ekarri: Bulletin of Enviromental Contamination and Toxicology aldizkari espezializatuan argitaratutako Peter Dingle ikerlariaren azken emaitzak aipatzen dira. Poluitzaile bakar baten inguruan garatu dute ikerketa: formaldehidoa. Begiak, eztarria eta azala narrita ditzakeen substantzia da. Eraikinetan maiz erabilitako egur prentsatuan izan dezake jatorria formaldehidoak.

Bulegoetan neurtu dena baino poluitzaile kontzentrazio handiagoa erabili izan da ikerketan. Horrela, zortzi metro karratuko kabinetan bost landare kokatu zituen bi egunero. Kabina batean hamar landaretik gora zeudenean ez zen formaldehidoaren kontzentrazioaren aldaketarik nabaritzen. Hogei landare batera jarrita ere, ez zen segurtasun neurritik beherako kontzentraziorik lortu. Hala ere, poluitzaile gehiagorekin jarraitu beharko da ikerketa. Bestalde, efektua gehienbat psikologikoa da eta hori ere kontuan hartu beharrekoa da.

Iritzi sendoetarako aukera gutxi

Kalekoentzat, ordea, ez dago erantzun fidagarririk. Batzuek baietz, besteek ezetz, luze itxaron beharko da zientzialarien onespena nahi izanez gero. Agian, ikerketen prozedura ezberdinen ondorio da zalantza hori. Agian, ez da inoiz adostasunik lortuko. Zientzialariek ez dituzte gauza guztiak egiteko behin betiko metodoak. Beste hainbestetan bezala, kaleko jakiteko nahia da azkarren doana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia