}

Belinda, izotzean su

2005/12/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Inperio britainiarra hedatzen ari da. Baina oraingoan ez da arazo diplomatikorik sortu, Britainia Handiak ez baitu inbaditu inongo lurralderik; sumendi bati esker ari da hazten. Sumendiak Belinda izena du, eta britainiarren mendeko Hego Sandwich uharteetako batean dago, Amerikako hego muturraren eta Antartikaren erdibidean.
Irailaren 23ko irudian, Belinda borborka ageri da.
NASA

Montagu uhartea ez zen inongo mapetan ageri 1775. urtera arte. Urte hartan, James Cookek gidatutako espedizio britainiarrak uharte batzuk ikusi zituen, eta bati Montagu izena eman zioten. Ozeanoaren hondotik 3.000 metrora altxatzen da uhartea, eta tontor nagusi bat du, Belinda. Tontorrak 1.370 metroko altuera du eta sumendi bat da. Hamarka edo ehunka milaka urtean izandako erupzioek sortu dute; hain zuzen, sumendiak jaurtitako errautsek eta solidotutako labak osatzen dute mendia.

Aspaldian, Belinda lo zegoen. Baina, 2001. urtean, munduko ‘puntu beroak’ kontrolatzen dituen MODVOLC erakundeak abisua eman zuen: Belinda nagiak ateratzen ari zen, eta geroztik haren jarduera handituz joan da. Zientzialarientzat benetan interesgarria da erupzio hori, izotz azpian gertatzen ari baita. Horrek aukera ematen die labaren eta izotzaren arteko elkarrekintza aztertzeko.

NASAren Terra satelitea ari da zaintzen Belindaren jarduera. Egunean pare bat aldiz pasatzen da haren gainetik, eta hilean bitan erresoluzio handiko argazkiak ateratzen dizkio, beroaren emisioa eta islatzea detektatzen dituen ASTER erradiometroaren bidez.

Erupzio zirraragarria

Duela urtebeteko irudietan ere nabaritzen da Belinda esna zegoela.
(Argazkia: Spaceimaging)

Irailaren 23an hartutako irudia koloreztatu egin du NASAk. Hartara, erraz bereizten dira sumendia eta haren inguruak. Eremu beroak gorriz azaltzen dira; elurra, urdinez; lurruna, zuriz, eta kolore grisez ikusten dira errauts bolkanikoak.

Gutxitan izaten da halako zerbait ikusteko aukera; beraz, ulertzekoa da British Antartic Survey Antartika ikertzen duen erakunde britainiarreko geologoak aztoratuta egotea. Laba izotzarekin kontaktuan jartzen denean, arrokak nola sortzen diren eta zer ezaugarri dituzten aztertu nahi dute, besteak beste.

Horretaz gain, hainbeste izotz urtzeak zer eragin duen aztertzeko irrikatan daude. Zientzialariek erreferentzia bat dute: 1996an, Islandian, Gjálp-eko glaziar baten azpian, erupzio txiki bat gertatu zen. Orduan urtu zen izotza ozeanora isurtzean, ozeanoek jaso zuten ur gezaren emari handiena izan zen, Amazonaren ondotik. Zalantzarik gabe, inguruan aldaketa nabariak eragin zituen.

Oraingoan, eragina are nabarmenagoa izango da, erupzioa ordukoa baino handiagoa baita. Belindaren gailurretik itsasora iristen da laba-jarioa. Hain zuzen, tontorretik ipar-ekialdera hasten da isurtzen da laba, baina gero gandor malkartsu batek iparrerantz bideratzen du. Guztira hiru kilometro eta erdi luze da laba-ibaia, eta gailurretik kilometro batera 90 metroko zabalera du. Laba itsasora heltzean, espaziotik argi nabaritzeko moduko ur-lurruna sortzen da.

Hegaldiaren zain

Naturaren indarra aske ikusteak beti sortzen du zirrara.

Hego Sandwich uharteak jarduera bolkanikoa duten lurralde urrunenetakoak dira. Ondorioz, haien inguruan ikerketa gutxi egin dira orain arte. Orain satelitearen laguntza dute, baina zientzialarien jakin-mina asegaitza da, eta hurbilagoko irudiak lortu nahi dituzte. Horretarako, sumendiaren gainetik hegazkinez pasatzeko asmoa dute, erupzioa ahal den hurbilenetik grabatzeko.

Hegazkinetik hartutako irudiak batez ere zientzialarientzat izango dira baliotsuak, urrutiko lurralde izoztu haietako geologia hurbiletik ikertzeko aukera emango baitiete. Baina, geologoentzat ez ezik, gainerako guztiontzat ere interesgarriak izango dira; Naturaren indarra aske ikusteak beti sortzen du zirrara.

7K-n argitaratua.