Beldurraren eta erakarpenaren usaina
2007/11/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Esaterako, zientzialariek frogatua dute usaimenak beste zentzumenek baino askoz gaitasun handiagoa duela oroitzapenak berreskuratzeko. Areago, gertakizunak ez ezik, haiekin erlazionatutako emozioak gogora ekartzen aparta da. Nonbait, usainek sudurretik garunera egiten duten bidean dago horren azalpena. Izan ere, molekula lurrintsuek sudurreko usaimen-zelulak kitzikatzen dituztenean, seinalea garunaren sistema linbikora iristen da.
Sistema linbikoa garuneko hainbat egiturak osatutako sare bat da. Emozioekin, oroimenarekin eta jokabide inkontzienteekin lotuta dago, eta pentsamendu kontzienteaz arduratzen den garuneko egiturak baino lehenago sortu zen eboluzioan, primitiboagoa da. Hor jasotzen da, beraz, usaimen-zelulek bidalitako seinalea, eta hor sortzen da erantzuna.
Usain batek sortutako erantzuna iraganeko emozioak eta gertakizunak gogoratzea izan daiteke, edo baita era batera edo bestera jokatzea ere. Hain justu, Tokioko Unibertsitateko ikertzaileek jakin nahi izan dute usainek eragindako jokabide horiek berezkoak diren, jaiotzetikoak, edo ikasiak; eta horretarako sagu mutanteak sortu dituzte, eta haien portaera aztertu dute.
Sagu mutante horiek usaimen-zelula batzuk desaktibatuta dituzte. Hain zuzen ere, usaimen-zelulak sudurreko usaimen-epitelioan daude, bi eremu nagusitan banatuta: epitelio dortsala eta bentrala. Usaimenaz arduratzen den garuneko zatian ere egitura hori dago. Eta epitelio dortsaleko usaimen-zelulak eta bentralekoak ez dira berdinak. Hortaz, funtzio desberdinak izan ditzaketela uste zuten ikertzaileek. Hori ikusteko, genetikoki eraldatu zituzten saguak, eta epitelio dortsaleko usaimen-zelulak desaktibatu zizkieten.
Sagu beldurgabeak
Sagu arruntekin alderatuta, sagu mutanteek jokabide oso desberdina zuten, usain beraren aurrean. Esaterako, kakahuete-gurinaren eta beste saguen gernuaren usainak oso erakargarriak dira sagu arruntentzat, baina sagu mutanteek ez zuten gogo berezia agertzen usain horiekiko.
Hala ere, hori baino deigarriagoa da (eta saguentzat, askoz arriskutsuagoa) arriskua adierazten duten usainekin izan zuten portaera-aldaketa: sagu mutanteak beldurgabe bihurtu ziren. Hala, sagu arruntek ihes egiten dute janari ustelduaren, azeriaren eta lehoinabarraren usaina hartuz gero. Sagu mutanteei, aldiz, usain horiek ez zieten beldurra eragiten, eta lasai geratzen ziren.
Sagu beldurgabeak katu baten ondoan jarrita ere, ez zuten alde egiten. Ikertzaileek frogatu zuten saguak usaina hartzeko gai zirela, baina, epitelio dortsaleko usaimen-zelularik gabe, garunak ez zuen erantzun egokia sortzen. Hortik ondorioztatu zuten ikertzaileek epitelio dortsaleko usaimen-zelulak jaiotzetiko beldurrarekin, berezko beldurrarekin, lotuta daudela.
Dena dela, ikerketa ez zen hor amaitu. Arriskuaren adierazle diren usainetatik ihes egiten irakatsi zieten ikertzaileek sagu mutanteei. Horretarako, usain horiek hartzean, gaixotu egiten zituzten saguak. Azkenerako, usaina aditu orduko, saguek beldurra agertzen zuten, eta alde egiten zuten. Horrenbestez, epitelio bentraleko usaimen-zelulak ikasitako beldurraren seinalean parte hartzen dutela frogatu dute ikertzaileek.
Hortaz, saguetan, usaimenak bi eratako portaeretan eragiten du, berezkoan eta ikasitakoan. Gainera, ikertzaileen ustez, pertsonek ere antzeko sistema bat dute. Edonola ere, ikasitako jokabideek jaiotzetikoak estal ditzaketela nabarmendu dute ikertzaileek, eta natto -a aipatu dute. Natto -a hartzitutako soja-haziekin egiten da, eta usain garratza du. Berez, usain horrek janaria minduta dagoela adierazten du, eta, beraz, jateko txarra dela. Alabaina, japoniarrek ona dela ikasi dute, eta gustuko dute. Hemen, beste horrenbeste gertatzen da beste edari eta janari batzuekin.
Androstenonaren usaina
Hain justu, pertsonekin egin duten ikerketa batean ikusi dute zergatik batzuentzat nazkagarria den usain bat besteentzat atsegina den. Androstenonaren usaina, adibidez, batzuentzat izerdiaren edo gernuaren antzekoa da, eta beste batzuentzat, loreenaren edo bainilaren modukoa. Gutxi batzuek, berriz, ez dute sumatu ere egiten.
Androstenona testosteronatik eratorritako molekula bat da, eta, txerrietan, frogatuta dago feromona bat dela, alegia, hura usaintzeak erantzun fisiologiko bat sortzen duela. Zehazki, androstenona-usaina duen txerri arrak emeak erakartzen ditu. Pertsonetan ere eragin bera duela iradoki izan dute, baina harakinek ondo dakite androstenona-kontzentrazio handia duen txerri-haragia higuingarria dela kontsumitzaile askorentzat.
Txerriak alde batera utzita, New Yorkeko Rockefeller Unibertsitateko ikertzaileek androstenona detektatzen duen usain-zelularen genea identifikatu dute. Eta ikusi dute gene beraren hiru aldaera daudela, eta horren araberakoa dela pertsonetan molekulak sortzen duen sentsazioa. Dena den, ikertzaileek ez dute argitu horrek zerikusirik baduen pertsonen arteko erakarpenean eta jokabidean.
Gara-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia