}

Beldurra ezagutzen ez duen emakumea

2011/01/30 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Beldur-erreakzioak sortzerakoan, garuneko amigdalak funtzio erabakigarria betetzen duela egiaztatu dute azken 50 urteotan egindako ikerketek. Orain arteko lan gehienek animaliak izan dituzte protagonista, arratoietatik hasi eta tximinoetaraino. Baina ikerlan berri batek berretsi du gizakien kasuan ere gauza bera gertatzen dela. Orain urte batzuk S.M. izenaz ezagutarazi zuten emakumeak eman die erantzuna.
Ikertzaileek aztertu duten emakumeak ez du arriskua detektatzeko eta hura ekiditeko gaitasunik. Horren ondorioak larriak izan litezke. (Irudia: c_pichler) )

S.M.-k 44 urte ditu, eta, mundu osoan, garuneko amigdalaren bi zatietan ia erabateko lesioa duen pertsona bakarrenetako bat da. Lesio horren ondorioz, ezohiko bereizgarri bat du emakumeak: ez du beldurrik sentitzen, ez du emozio hori ezagutzen.

“Biziraupena da beldurraren zerizana, eta amigdalak laguntzen digu gure bizitza arriskuan jartzen duten egoerak, pertsonak zein objektuak ekiditen”, laburbildu du Iowako Unibertsitatean egin berri den ikerketaren arduradunak. “Aztertu dugun pazienteak, ordea, ez du amigdalarik. Eta, hortaz, arriskua detektatzeko eta hura saihesteko gaitasunik ere ez du. Nahiko deigarria da hark bizirik jarraitzea”.

Pazienteak ez ditu gustuko tarantulak. Dena den, esperimentuan, haiekiko jakin-mina agertu, eta behin eta berriz haiek ukitzen saiatu zen; beldurrik ez, orduan ere ez.
Irudia: Ben Sutherland

S.M.-ren kasua duela zenbait urte ezagutarazi zuten ikertzaileek. Emakumeak Urbach-Wiethe deritzon endekapenezko gaitz zerebrala du, ezohikoa, eta horrek piztu zuen neurologoen interesa. Gaixotasunak eragin zion, hain justu, amigdalaren lesioa, eta horrek ondorio nabarmenak izan ditu emakumearen eguneroko bizimoduan.

Iaz, adibidez, Kaliforniako Teknologia Institutuko ikertzaileek espazio pertsonalaren presentzia aurkitu zuten garunean. Espazio pertsonala gizabanakoek beren inguruan duten babes-eremu bat da. Norbait eremu horretara sartzean, pertsona deseroso sentitzen da —egoeraren eta gerturatzen den pertsonaren arabera eremuak neurri ezberdinak ditu—. Bada, ikertzaileek ikusi zuten S.M.-k ez duela beldurrik sumatzen pertsonen aurpegietan. Are gehiago, ia ezagutzen ez duen jendearekin “adiskidetsuegi” jokatzen du, haien espazio pertsonala gaindituta.

Orain, Iowako ikerlariak izan dira S.M.-ren kasua aztertzen jarraitu nahi izan dutenak. Haien aurkikuntzek garunaren eta portaeraren arteko loturari buruzko informazio berria eskaini dutela diote. Emaitzak Current Biology aldizkariak plazaratu ditu.

Almendra itxura

Amigdala garuneko lobulu tenporalaren aurrealdean dagoen gai grisezko masa da. Funtzio erabakigarria betetzen du beldur-erreakzioak sortzerakoan.

Amigdala garuneko lobulu tenporalaren aurrealdean dagoen gai grisezko masa da, almendra-itxura duena. Zentzumenen bitartez garunera iristen den informazio oro berraztertzen du, gure biziraupenari eragin diezaiokeen edozein gauza azkar detektatzeko. Neurologoek diotenez, “arriskua hautematean, amigdalak gorputz osoaren erantzun azkar bat antolatzen du arrisku hartatik aldentzeko, eta horrek handitu egiten ditu gure biziraupen-aukerak”.

S.M.-k egoera anitzen aurrean nola erantzuten duen aztertu nahi izan dute ikertzaileek: sugeak, armiarmak, etxe “sorginduak”, beldurrezko filmak, edo, besteak beste, pazienteak aurretik bizi izandako esperientzia traumatikoak hautatu zituzten. Hiru hilabetez, egunkari informatiko emozional bat eraman zuen aldean, eguneko bere bizipenen berri eman zezan. Eta beldurraren ikuspegi ezberdinei buruzko galdetegi bat ere betearazi zioten

heriotzari beldurra, jendaurrean hitz egiteari…

S.M.-k ez zuen inolako beldur-sentsaziorik agertu, kasu batean ere ez. “Bakardadea edo tristura eta beste emozio batzuk sentitzeko gai dela egiaztatu dugu. Izurik, ordea, ez du sentitzen, nahiz eta badakigun zenbait bizipen traumatiko izan dituela eta haiek bere bizitza arriskuan jarri dutela. Hortaz, argitu duguna da amigdala erabakigarria dela gugan zein beste animalia batzuengan beldurra eragiterakoan”.

Diotenez, aurkikuntza hau lagungarria izan liteke trauma-ondoko estresa zein bestelako antsietate-egoera larriak dituztenen tratamendu berriak aurkitzeko bidean.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia