Beira ere kamaleoia da
2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alemaniako Dresden hiriko banku batek lehenengoz erabili ditu argi-intentsitatearen arabera gardentasuna aldatzen zaion beirazko leihoak.
Egindako saiakuntzek material hori eraikinak klimatizatzeko beharrezko izan ohi den energiaren % 50 aurrezteko bidea dela adierazi dute. Beiraren gainazalean wolframio oxidozko geruza mehea itsatsita dago eta geruzan zehar pasatzen den intentsitate txikiko korronte elektrikoak mintzaren kolorea aldarazten du. Horrela, beira gardena urdin bihurtzen da. Kaletik datorren argiaren intentsitatea oso handia denean, beirak gardentasuna galdu egiten du eta eraikina fresko mantentzeko aire girotu gutxiago behar denez, energia aurrezten da.
Argiaren intentsitatea txikiagotzen denean, aldiz, beirak hasierako gardentasuna berreskuratzen du eta argi artifizialaren beharra txikiagoa da. Eraikin osoko leihoetako beiraren gardentasuna modu zentralizatuan kontrola daiteke gainera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia