}

Behiak, gripe-izurriteen iturri?

2002/01/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Gizakietan gripea sor dezaketen birusen gordailuetako bat abelgorria izan daitekeela esan dute Londresen egin berri den albaitaritzari eta mikrobiologiari buruzko bileran. Erresuma Batuko albaitari-laborategien agentziako Ian Brown-ek zuzendutako taldeak gripearen genea atzeman du lehen aldiz abelgorrietan.

Mundu osoan hedatu zen azken gripe-izurrite larria 1968an gertatu zen. Birusak hegazti basatietan sortzen dira eta, uste denaren arabera, hegazti-aziendak edo txerriak kutsatzen dituenean bihurtzen da hilgarria. Beste gripe-barietate batek infektatutako zeluletan, gizakiak kutsatzea ahalbidetzen duten geneak hartzen dituzte birusek.

Orain, abelgorriaren birus sorrak gizakiak infektatzeko gai diren barietate moduan ager daitezkeela eman dute jakitera. Hala ere, ez dakite noiz sortu zen abelgorriaren birusa, ezta behitik behira kutsatzen den ala ez ere. Gainera, abelgorriaz gain, beste gordailu asko egon daitezkeela ohartarazi dute.

Urtero, birusaren azaleko proteinak lekuz aldatzen direla eta, gripe-barietate berriak azaltzen dira. Barietate nagusiak detektatu orduko, txertoak prestatzen dira. Baina animalietatik gizakira zuzenean kutsatzen diren birusak hain ezberdinak direnez, ez sistema immuneak ezta txertoek ere ezin diote aurre egin.

Barietate hilgarri horiek 30-40 urtetik behin azaltzen dira; beraz, hurrengo pandemia laster izango dela aurreikusten dute. 1997an izan zen larriune bat, Hong Kong-eko hegazti-azienden azoka batean hegaztien birusak 18 pertsona kutsatu zituenean. Horietatik 6 hil egin ziren, baina gizakitik gizakira kutsatzen ez zenez, birusa gaixoekin batera hil zen.

Aurreikuspen gehienen arabera, aurreko kasuan bezala, gripearen hurrengo pandemia Asiako hego-ekialdean sortuko da, han, hegazti-aziendak, hegazti basatiak, txerriak, azokak eta gizakiak nahasten baitira. Gripearen barietateak, gero eta gehiago, animalietan sortzen direla susmatzen dute ikertzaileek.

Pandemiaren arriskua ekiditen saiatzeko, Europako eta Ekialde Hurbileko gripe-barietate ohikoenen azterketa genetikoa egiten ari dira (lehen Asiakoak aztertu zituzten). Gainera, birusari espezie batetik bestera pasatzea ahalbidetzen dion aldaketa genetikoak aztertzen ari dira. Informazio horrekin guztiarekin pandemia izan litekeenari aurre hartu eta txertoak prestatu ahal izatea espero dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia