Begirada emea medikuntzari
2013/02/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Genero-bereizketa agerian utzi duen ikerketa adierazgarrienetako bat miokardio-infartuetan pazienteek jasotzen zuten erantzunari buruzkoa da. Hain zuzen, emakumezkoa edo gizonezkoa izan, pazienteek erantzun desberdina jasotzen zutela erakutsi zuen ikerketa horrek.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Elena Aldasoro ikertzailea izan zen egileetako bat, eta kartsu gogoratzen du ikerketa hura: "Garai hartan Osasun ikaskuntza eta ikerketa zerbitzuan nengoen lanean, eta zerbitzu horretan bereizketak saihesteko beti lan handia egin badugu ere, arreta berezia jartzen zen diferentzia sozio-ekonomikoetan, eta ez horrenbeste generoan. Ni, ordea, asko kezkatzen ninduen alderdi horrek, eta horregatik ikertu genuen ba ote zegoen alderik miokardio-infartuaren tratamenduan, generoaren arabera".
Hain zuzen, Aldasorok adierazi duenez, egituran ez dago txertatuta ikuspegi hori, "ia-ia norbanakoen esku dago, eta, beraz, halako ikerketak puntualak izaten dira, ez dute jarraikortasunik". Edonola ere, ikerketa hura benetan garrantzitsutzat jotzen du: "oso lan zorrotza egin genuen, eta, gainera, eman zituen emaitzak ukaezinak dira".
Berez, zentro askoren arteko ikerketa bat zen, miokardio-infartua aztertzeko Espainia mailan --IBERICA azterketa (2004)--, eta Aldasorok Euskal Autonomia Erkidegoari zegokion zatian parte hartu zuen: "Ikertzaileok joera handia dugu azterketetan sexua eta adina aintzat hartzeko, eta konturatu nintzen sexuak kasu honetan bazuela eragina: miokardio-infartuaren intzidentzia txikiagoa zen emakumezkoetan gizonezkoetan baino, baina hilkortasun-tasa, aldiz, handiagoa. Hau da, emakumezkoetan infartu-kasu gutxiago egon arren, gizonezkoetan baino gehiagotan gertatzen da heriotza".
Horren zergatia aztertzean, eragileetako bat biologikoa zela ikusi zuten. "Izan ere, emakumezkoek gizonezkoek baino geroago izaten dute bihotzekoa izateko arriskua, aurretik hormonek babesten dituztelako. Hortaz, gure lehen lorpena izan zen adin handiko emakumezkoak ere sartzea azterketan, ordura arte, ikerketetan, gutxi gorabehera 70 urtera arteko pertsonak bakarrik sartzen baitziren. Zergatik? Bada, ikerketak ikuspuntu androzentriko batetik diseinatzen zirelako, eta horren ondorioz, arriskuan zeuden emakumezkoak ikerketetatik kanpo geratzen ziren".
Horrenbestez, Aldasororen taldeak ez zuen gehienezko adin-mugarik jarri ikerketan parte hartzeko. "Guztira 2.836 pertsonak parte hartu zuten, horietatik % 29 emakumezkoak ziren, eta haien batezbesteko adina 77 urtekoa zen, gizonezkoena baino 10 urte gehiagokoa".
Eragile guztiak barne
Azterketa ez zen erraza izan. "Eragile asko hartu behar ziren aintzat. Guk pertsona batek osasun-zerbitzuetara jotzen duenetik gertatzen diren fase guztiak bereizi eta aztertu genituen. Horrela ikusi genuen adina eta pazienteek izaten dituzten bestelako patologiak (diabetesa, hipertentsioa...) aintzat hartuta ere, bazegoela beste zerbait emakumezkoek heriotza-tasa handiagoa izatea eragiten zuena".
Erantzunaren bila, birbaskularizazioan jarri zuten arreta. Hain zuzen, ebakuntza hori lehenbailehen egitea gako da infartu baten ondoren bizirik irauteko, bizi-kalitate handiarekin. "Izatez, lehen orduari urrezko ordua deitzen diote. Tarte horretan arteria irekitzea lortzen baduzu, zure onera etortzeko aukera asko dituzu. Bada, ohartu ginen emakumezkoei gizonezkoei baino gutxiagotan ezartzen zitzaiela tratamendua. Gainera, tratamenduetako bat ebakuntza bidezkoa da, eta ebakuntza beti ez da egokia emakumezkoentzat, guk haiek baino arteria meheagoak eta bihurgunetsuagoak ditugulako".
Azkenean, ikerketak erakutsi zuen denbora zela giltza: emakumezkoek gizonezkoek baino beranduago jotzen dute osasun-zerbitzuetara, eta, gero, ez ziren behar bezala artatzen. Ikerketaren ondorioa garbia izanagatik, horren atzean dauden arrazoiak onartzea zaila dela azaldu du Aldasorok: "Edozein medikurentzat, gogorra da konturatzea ez dituela berdin tratatzen bularreko herstura eta arnasa hartzeko zailtasunak dituztela esaten duten bi paziente, bata gizonezkoa eta beste emakumezkoa izanik. Muturrera jotzea da, baina, kasu askotan, gizonezkoari elektrokardiograma bat egingo lioke berehala, eta emakumezkoari, berriz, antsiolitikoak hartzeko agindu. Horretaz jabetzea eta ondorioak ikustea latza da, eta eragozpen handiak jartzen dituzte oro har, sendagileak gizonezkoak zein emakumezkoak izan".
Sexua edo generoa
Aldasorok argi utzi nahi du zer alde dagoen sexuaren eta generoaren araberako bazterketan: "Sexua biologikoa da, eta generoa, berriz, kulturala eta soziala ere bada. Medikuntzan, gizonezkoak eta emakumezkoak modu bereizian hartzen direnean, gehienetan ez da izaten sexuarengatik, baizik eta generoarengatik".
Sexua eta generoa medikuntzan duten eraginarekiko nola erlazionatzen diren ulertzeko erabiltzen den adibideetako bat biriketako minbiziarena da. Orain dela urte gutxira arte, gaixotasun hori askoz ere zabalduago zegoen gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino, eta horretarako arrazoiak ez ziren biologikoak (gizonezkoen birikak ez dira emakumezkoenak baino ahulagoak edo ez dute minbizia sortzeko joera handiagoa), sozialak baizik: gizonezkoek ohitura handiagoa zuten tabakoa erretzeko, eta gazte zirela hasten ziren erretzen. Ohiturak aldatzen ari diren heinean, areagotzen ari dira biriketako minbizi-kasuak emakumezkoetan.
Salaketetatik proposamenetara
Generoak medikuntzan duen eragina gero eta argiago badago ere, oraindik gabezia handiak daudela aitortzen dute adituek. Alde horretatik, esanguratsua da Nature zientzia-aldizkari ospetsuak hiru artikuluz osatutako sorta bat argitaratu izana 2010ean. Zenbaki horretako editorialaren izenburua garbia da: "Putting gender on the agenda ", hau da, generoari lehentasuna ematea eskatzen du hasiera-hasieratik.
Editorialean salatzen denez, "arrek menderatzen dituzte" ikerketa biomedikoak, eta, proba klinikoetan, emakumezkoen parte-hartzea "txikiegia" da nabarmen. Horren ondorioz, emakumeei ezartzen zaizkien tratamenduak eta ematen zaien arreta ez dira behar adina oinarritzen ebidentzia zientifikoetan, ez behintzat gizonezkoen kasuan bezainbeste. Hori erakusten duten adibide bat baino gehiago azaltzen dira jarraian argitaratutako hiru artikuluetan.
Lehen artikuluan --"Sex bias in trials and treatment must end "--, egileek (Northwestern Unibertsitateko ikertzaileak) dei egiten diete zientzia-aldizkariei, ikertzaileei eta diru-laguntzak ematen dituzten agentziei emakumezkoak gizonezkoen parean jartzeko bai ikerketetan bai klinikan. Egileen esanean, parekotasuna bermatzea "funtsezkoa da", gaitzak ez baitira berdin azaltzen generoetako batean eta bestean. Diotenez, aldeak daude gaitz askoren intzidentzian, prebalentzian, sintometan eta bilakaeran, eta diferentzia horiek ondo dokumentatuta daude, adibidez, gaixotasun autoimmuneetan (artritis erreumatoidea, lupusa, esklerosi anizkoitza...), zenbait asaldura psikologikotan (depresioa, eskizofrenia, autismoa, jatearen asaldurak...), neke kronikoaren sindromean, asman eta minbizi batzuetan.
Gaixotasun horiekin batera, bereziki aipatzen dituzte gaixotasun kardiobaskularrak. Miokardioko infartuaz Aldasorok ohartarazi duen bezala, "hilkortasun-tasak handiagoak dira emakumezkoetan gizonezkoetan baino", neurri batean, gizonezkoek dituzten sintomak direlako tipikoak, eta, horien aldean, emakumezkoenak, ezohikoak dira, eta, beraz, zaila da haiei antzematea. Are gehiago, erabiltzen diren proba diagnostikoak emakumezkoentzat ez dira gizonezkoentzat bezain aproposak. "Egoera honek horrela jarraituko du, proba klinikoetan generoaren araberako desberdintasuna ezabatzen ez den arte", ondorioztatu dute egileek.
Horretaz guztiaz gain, sendagaien eta tratamenduen eraginaz ere idatzi dute artikuluan. Hain zuzen ere, emakumeek eta gizonek ez diete berdin erantzuten sendagaiei eta tratamenduei; "alabaina, diferentzia horiek gutxitan hartzen dira kontuan botikak agintzean edo tratamenduak ezartzean". 2005ean egindako lan bat aipatzen dute; haren arabera, 1995-2000 urteen artean garatutako 300 botikatan alde nabarmenak topatu zituzten metabolizatzeko eran, baina alde horiek ez ziren kontuan hartzen dosien gomendioetan. Egileen ustez, horixe izan daiteke emakumezkoek gizonezkoek baino 1,5 aldiz albo-ondorio kaltegarri gehiago izateko.
Artikuluaren amaieran, egoera aldatzeko lau proposamen egiten dituzte. Lehenengoa zientzia-aldizkariei eta bigarrena araudien egileei eta diru-laguntzak ematen dituzten agentziei daude zuzenduta, ikerketak argitaratzean, baimentzean edo laguntzean kontuan izan dezaten parte-hartzaileen artean parekotasunik ote dagoen. Dena dela, hirugarrena iruditzen zaie garrantzitsuena, eta "pazienteekin harremana duten sendagileei" dago zuzenduta; haiei gizonezkoen eta emakumezkoen artean dauden diferentziak kontuan izateko eskatzen diete. Azkenik, osasun-erakundeei eskatzen diete emakumezkoak bultzatzeko ikerketetan parte hartzera.
Emakume haurdunez eta animaliez
Artikulu-sortako bigarrena emakume haurdunei buruzkoa da. Zehazki, fetuari kalte egiteko arriskurik ez izateko, emakume haurdunak proba klinikoetatik kanpo geratzen direla jartzen du agerian artikuluaren egileak, Dalhousie Unibertsitateko Françoise Baylis ikertzaileak. Haren ustez, "hori onartezina da, ikuspuntu etikotik eta medikutik, bi arrazoiengatik: emakume haurdunak gaixotu egiten dira, eta emakume gaixoak haurdun geratzen dira". Horrenbestez, beharrezkoa iruditzen zaio ezagutzea zer gertatzen zaien eta zer botika edo tratamendu komeni zaien eta zer ez.
Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du emakume haurdunek ere parte hartzea proba klinikoetan. Horrekin batera, fetuari kalte egiteko arriskua gutxitzeko, emakumezkoak proba klinikoetan fase aurreratuetan sartzea proposatzen du. Alegia, beste taldeak hirugarren fasean daudenean hastea haurdunak lehen fasearekin, probatzen ari diren sendagaia haientzat segurua dela ikusi baitute ordurako.
Nature k argitaratutako sortaren hirugarren eta azken artikulua Kaliforniako Unibertsitateko bi ikertzailek sinatzen dute, eta animaliekin egindako ikerketen gainekoa da. Ikertzaileek ikusi dute biologiako hamar diziplinetatik zortzitan eme gutxiegi daudela. Emeen bazterketa bereziki nabarmena da neurozientzietan, farmakologian eta fisiologian.
Bazterketa hori oso larria iruditzen zaie egileei: "Adibidez, antsietatea eta depresioa bi aldiz gehiago diagnostikatzen dira emakumezkoetan gizonezkoetan baino, baina asaldura horiek aztertzen dituzten ikerketen % 45ean baino gutxiagotan erabiltzen dira emeak". Nonbait, tiroidearen gaitz batzuekin ere antzekoa gertatzen da; emakumezkoetan 7-10 aldiz ohikoagoak diren arren, ikerketen % 52an soilik erabiltzen dituzte emeak.
Kaliforniako ikertzaileen ustez, emeak ez erabiltzeko arrazoietako bat izan daiteke arrak baino aldakorragoak direla berez, hormona-zikloaren ondorioz, baina, aldakortasun horrek ere kontuan hartzekoa izan beharko lukeela pentsatzen dute. Horregatik guztiagatik, bazterketa eragozteko neurriak hartzearen alde azaltzen dira, eta horretan lagunduko luketen proposamenak ere egiten dituzte.
Berdinak desberdin, eta alderantziz
Proposamenak egitasmo bihurtu dira zenbait kasutan, eta, EAEn, adibidez, Elena Aldasorok, Rosa Ricoren zuzendaritzapean eta beste batzuekin batera, praktika klinikoetan genero-ikuspegia txertatzeko gomendioak landu zituen. Horien helburua da "ez tratatzea berdin desberdinak direnean, eta, alderantziz, ez tratatzea desberdin berdinak direnean; biak gertatzen baitira, eta biek dituzte ondorio kaltegarriak emakumeentzat".
Rosa Rico Eusko Jaurlaritzako Osasun Teknologien Ebaluazioko Zerbitzuaren burua da gaur egun. Azaldu duenez, zerbitzuaren egitekoa da osasun-teknologien kalitatea ebaluatzea, eraginkortasunaren, segurtasunaren eta beste faktore batzuen aldetik. Eta argitu du: "teknologia ez da bakarrik tresnak; botikak ere badira teknologia, eta baita sendagileak pazientearekin duen elkarrizketa, edo ematen dizkion gomendioak, esaterako". Hala, zientzia-literaturan argitaratutakoa bildu eta aztertzen dute, sendagileek edo agintariek erabakiak hartu behar dituztenean, horretan oinarritu daitezen.
Lan hori egitean, sarritan ikusi ditu genero-ikuspegia aintzat ez hartzeak emakumezkoei ekartzen dizkien ondorio txarrak, "baina baita gizonezkoei ere". Azken finean, genero-ikuspegiarekin lan egitea denentzat da mesedegarria, eta horretan ari dira ahalegintzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia