Begirada berria ikuspegi zaharrari
2012/07/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egun ere, arkeologoek zailtasunak izaten dituzte labar-artearen arrasto jakinak zehaztasunez datatzeko, baina lehen are zailagoa zen, noski. Arkeologoentzat, ordea, beharrezkoa da margoak kronologikoki sailkatzeko sistema bat izatea, eta bat baino gehiago saiatu zen sailkapen bat sortzen. Sailkapen horien artean, osatuena eta onartuena André Leroi-Gourhan arkeologo frantsesarena izan zen.
Leroi-Gourhan esperientzia eta itzal handiko arkeologoa zen, eta, orduan zituzten datu objektiboetan eta bere hipotesietan oinarrituta, labar-artea sailkatzeko sistema kronologiko bat eraiki zuen 1960ko hamarkadan. Sistemak onarpen zabala jaso zuen, eta urte luzez ontzat jo dute arkeologo gehienek.
Leroi-Gourhanen arabera, denboran zehar lau estilo bereiz daitezke. I. estiloa deitu zion antzinakoenari, hau da Aurignacaldikoari (K.a. 30.000-27.000), eta IV. estiloa berrienari, Azken Madeleinealdikoari (K.a. 13.000-9.000). Tartean, II. eta III. estiloak zehaztu zituen, eta I.tik IV.era bilakaera jarraitua zegoela proposatu zuen. Hala, I. estiloko marrazkiak zakarrak ziren, sinpleak; eta beste muturrean zeuden IV. estilokoak, zaharrak baino askoz ere konplexuagoak eta garatuagoak, errealitatetik oso gertukoak.
Sailkapen hori oraindik erabiltzen bada ere, azkenaldian aditu asko oso kritiko dira harekiko. Diego Garate eta Joseba Rios arkeologoek, adibidez, argi dute ez dela zuzena; haien esanean, "Leroi-Gourhanen sailkapena okerra dela erakutsi digute gaur egungo datazio-teknikek".
Hala ere, Garateren eta Riosen ustez, ez da harritzekoa Leroi-Gourhanen sailkapen kronologikoak arrakasta izatea eta orain dela gutxi arte indarrean izatea. "Kontuan izan behar da labar-artea aurkitzen eta ikertzen hasi zirenean [XIX. mendearen amaieran], darwinismoa pil-pilean zegoela. Haiek sinesten zuten gizakia haitzuloetako garaietatik garatuz joan zela: neandertala izaki basati bat litzateke, eta gizaki modernoa, berriz, zibilizatua. Eta pentsamolde hori artean aplikatu zuten zuzenean, ezer egiaztatu gabe", azaldu du Garatek.
Eboluzionismo sozialaren eragina ere gogora ekarri du Riosek: "Inperialismoaren eta kolonialismoaren garaia zen, eta labar-artea herri primitiboenarekin alderatu zuten, eta antzekoak zirela iruditu zitzaien; hortaz, haientzat zentzuzkoa zen artea denborarekin garatuz joan zela pentsatzea".
Are gehiago, hasieran askok ez zuten onartzen labar-artea hain aspaldikoa izan zitekeenik: "Ezinezkoa iruditzen zitzaien Paleolitoko gizakiak hain irudi errealistak egiteko gai izatea. Egin kontu: aurkitu zituzten lehen marrazkiak, 1879an, Altamirakoak ziren, eta, jakina denez, ikaragarri onak dira. Gainera, non aurkituko, eta Espainian. Frantsesentzat oso zaila zen hori guztia onartzea".
Alabaina, hurrengo urteetan beste adibide batzuk aurkitu zituzten, baita Frantzian ere, eta labar-artea Paleolito garaikoa zela frogatzea lortu zuten. Hori onartu ondoren etorri zen margoak kronologikoki sailkatzea pentsaera eboluzionistaren arabera. "Garai haietan proposamena zentzuzkoa iruditzeak, ordea, ez du esan nahi zuzena zenik. Esaterako, greziar zibilizazioaren artea oso landua zen, eta gero baita erromatarrena ere, baina gero etorri zen garai bat non artea ez zen aurreko mendeetakoa bezain garatua. Hortaz, bilakaera ez da beti izaten hobera, eta ez du zertan hala izan", argitu du Riosek.
Garatutzat zer jotzen den ere kontuan hartzekoa dela uste du Garatek: "Izan ere, margoak zenbat eta errealistagoak izan, orduan eta hobetzat edo garatuagotzat jotzen zituen Leroi-Gourhanek, baina hori uste hutsa da, ez dago hori baieztatzerik".
Chauvet, paradigmaren aurka
Hala, Leroi-Gourhanen sailkapena analizatuta, akats ugari aurkitu dituzte Garatek zein Riosek: "Berak estilo beraren barruan sartzen zituen ezaugarri komunak zituztela iruditzen zitzaion artelanak, eta bere teoriarekin bat ez zetozenak, baztertu egiten zituen. Karbono-14aren proba erabiltzen hasi zirenetik, ordea, agerian geratzen da Leroi-Gourhanen sailkapena okerra zela".
Chauvet haitzuloaren adibidea jarri du Garatek (Frantziako hegoaldeko haitzuloa, Ardèche departamenduan): "Datazioek erakutsi dute Chauveteko labar-artea Aurignacaldikoa dela, hau da, aldi zaharrenekoa. Eta zer nolako artea dauka Chauvetek? Bada, ikaragarria, izugarrizko kalitatekoa eta aberatsa. Irudi oso landuak eta errealistak daude, teknika desberdinez eginak. Batzuk gorriz margotuta daude, beste batzuk beltzez edo okrez; eskuen irudiak daude, margoa putz eginda lortutakoak; hatzekin egindako markak; grabatuak eta ertza nabarmenduta duten irudiak...".
Riosek laburbildu du: "Teknika-aldetik, konposizioarenetik, gaiarengatik, estetikagatik, perspektibaren ikuspuntutik... alde guztietatik, oso konplexua eta landua da. Eta badakigu duela 30.000 urte ingurukoak direla. Eta hori guztiz kontraesanean dago Leroi-Gourhanen sailkapenarekin, haren arabera garai hartako artea oso oinarrizkoa baitzen, zakarra eta landu gabea; hortaz, Chauveteko irudiek IV. estilokoak izan beharko lukete, Paleolito garaiko azkenetakoak, hau da, Madeleinealdikoak".
Kontraesan horrek polemika piztu zuen, ordura arteko paradigma hausten zuelako. "Batzuek Leroi-Gourhanen eskemaren alde egin zuten, eta esan zuten, adibidez, margo beltzak egiteko erabilitako ikatza zaharra izan zitekeela, Aurignacaldikoa, eta margoen egileak Madeleinealdikoak. Dauden froga guztiek, ordea, argi uzten dute margoak Aurignacaldikoak direla, aldi hartan egin zituztela. Dena den, --aitortu du Garatek-- normala da halako erresistentziak agertzea paradigma bat hausten denean".
Riosentzat, Chauveten adibidea aproposa da labar-artearen historiaren bilakaera azaltzeko, "oso garbi erakusten baitu nola teoria bat eraiki zuten ordura arte ezagutzen zutena azaltzeko, eta nola aldatzen den teoria, tekniken bidez lortutako frogei esker".
Labar-artea ez ezik, garai hartako gizarteak ezagutzeko ere balio duela uste du Garatek: "Kontuan izan behar da Chauveteko margoak egin zituzten gizakiak Europako alde hartara iritsi ziren lehen Homo sapiens ak zirela, eta margoetan argi ikusten da arte-mota hori guztiz menperatzen zutela. Handik aurrera, 20.000 urtean, ez dute ezer asmatzen: estiloak pixka bat aldatzen dira, gaiak ere bai, baina teknika berberak erabiltzen dituzte, eta, funtsean, oso-oso homogeneoa da".
Puzzlearen piezak
Chauvet ez da salbuespen bat, eta Europako beste haitzulo batzuetan ere aurkitu dituzte Leroi-Gourhanen estiloen kronologiarekin bat ez datozen adibide garbiak. Hortaz, azken urteotan argi geratu da estiloaren irizpideak ez duela balio sailkapen kronologikoa egiteko.
Hala ere, kasu batzuetan, estiloak alderatzea lagungarria izan daiteke ezin denean asko zehaztu datazioan. Riosek errinozero batzuen adibidea jarri du: "Aldènen (Frantziako Erdialdeko Mendiguneko haitzulo bat) badaude errinozero batzuk, Chauvetekoenen oso antzekoak. Chauvetekoak datatuta daude, baina Aldènen oraingoz ez da lortu datazio zehatza. Hala, bestelako frogak ez daudenez, estiloari erreparatzea osagarria izan daiteke, eta kasu horretan ikusten da, errinozeroaren belarria egiteko moduagatik eta beste konbentzio batzuengatik, oso litekeena dela bi kobazuloetako margoak garai bertsukoak izatea, errinozeroek elkarren antza handia baitute".
Garateren esanean, "hau puzzle baten modukoa da. Baditugu pieza batzuk; horietako batzuk datatuta daude, eta beste batzuk gutxi gorabehera haien osagarriak dira, baina zenbat eta pieza gehiago lortu eta haiek hobeto datatu, orduan eta hobeto jakingo dugu zuzen ari ginen osatzen irudia, edo beste era batera jarri behar diren piezak".
Topatu duten azken pieza Frantzian aurkitu dute, Castaneten (Dordoina). Karbono-14aren eta beste teknika aurreratu batzuen bidez, frogatu dute Castaneteko irudiek 37.000 urte inguru dituztela, hau da, orain arte aurkitutako zaharrenetakoak dira. "Eta baieztatzen dute lehen artelan haiek egin zituztenak oso aspalditik menderatzen zituztela haiek sortzeko teknikak, Europan hedatuta zeudela, eta estilo- eta teknika-barietate handia zegoela", ohartarazi du Garatek.
"Gainera, horrek erakusten du, baita, zer konplexuak ziren garai hartako gizarteak ere", erantsi du Riosek. "Hain zuzen, Paleolitoaren lehen garaietan ere, Aurignacaldian bertan, ikusten da giza taldeak ordurako banatuta zeudela, eta bakoitzak zituela bere artea eta bere bizimodua".
Garateren eta Riosen ustez, hori garrantzitsua da, lehen oso zabaldua zegoelako pentsamolde eboluzionista, eta, Leroi-Gourhanek arteaz zuen ikuspegiaren antzera, gizartearen garapenean ere bilakaera bat egon zela uste zuten. Ikuspegi hori erabat aldatu da, ordea, Paleolitoaren hasierako gizarteak geroagokoak bezain konplexuak zirela frogatu baitute. "Hori bai, oso interesgarria da ikustea neandertalek ez zutela artea sortzen", nabarmendu du Riosek. "Aztarnategietan, garai batetik aurrera arte-adierazpenaren eztanda bat dago, baina beti Homo sapiens ari lotuta".
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia