}

Begietako marra beltza gaixotasunak uxatzeko

2010/01/12 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Egiptoarren begiak apaintzen zituzten marra beltzak begietako gaixotasunetatik babesten laguntzen ziela dio Analytical Chemistry aldizkarian argitaratutako ikerketa batek.

Ondorio horretara iristeko, Parisko Louvre museoko zenbait artelanen makillajea aztertu zuten Frantziako CNRS ikerketa-zentroko zenbait kimikarik. Naturan aurkitzen ez diren berunaren bi gatz berri aurkitu zituzten makillajean, eta ikusi zuten konposatu horiek lagungarriak zirela begietako gaixotasunak prebenitzeko eta tratatzeko.

Hasiera batean, horrek kimikarien harridura sortu zuen. Izan ere, beruna toxikoa izanik, pentsa liteke konposatu horiek kaltegarriak direla osasunerako. Horrenbestez, konposatu horien portaera aztertu zuten kimikari frantsesek, eta ikusi zuten konposatu horiek ikaragarri handitzen zutela oxido nitrikoaren ekoizpena. Oxido nitrikoak immunitate-sistema suspertzen du, begietako infekzioak sortzen dituzten bakterioei aurre egiteko.

Irudia: Michiel2005

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia