Begietako gaixotasunak, malko-lagin batean 'ikusgai'
2007/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaiker-IK4 zentro teknologikoak eta Bilboko Oftalmologia Institutu Kliniko Kirurgikoak (ICQO) begietako gaixotasunak erraz eta azkar diagnostikatzeko proiektu batean dihardute lanean. Malkoetan proteina-markatzaile espezifikoak detektatzeko diagnostiko-sistema bat garatu nahi dute.
Sistemak, malko-lagin batekin, gaixotasuna baden edo ez esango du. Zerrenda-itxura izango du, haurdunaldi-testen antzera; erabilerraza izango da, beraz, eta azkarra eta sinplea denez, noiznahi erabili ahal izango da klinikan. Seinale positiboa koloreztatutako banda gisa azalduko da.
Hasiera batean, begietako bi gaixotasunen markatzaile espezifikoak detektatuko ditu, hala nola konjuntibotxalasiarenak eta keratokonoarenak. Une hauetan, markatzaile horiek ikertzen eta balioesten dihardute proiektuaren partaideek. Horretarako, aipatutako bi gaixotasunak dituzten gaixoen malko-laginetan markatzaileen antigorputz espezifikoak aztertzen ari dira.
Etorkizunean, 2008aren bukaeran, sistema zabalagoa garatzea espero dute proiektuaren arduradunek. Alegia, hasierako helburuetan finkatutako bi gaixotasunez gain, begietako beste hainbat gaixotasun detektatzeko gai den sistema bat lortu nahi dute.