Batzuen gainbehera, besteen mauka
2009/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Onddo batek azaldu lezake zergatik gertatu zen orain dela 250 milioi urteko iraungitze masiboa
Orain dela 250 milioi urte inguru, Lurreko hainbat eta hainbat bizidun hil ziren, Lurrean tarteka gertatu diren iraungitze masiboetako batean. Garai hartan, ordea, Reduviasporonites onddo-generoa mundu osoan hedatu zen. Imperial College Londonetik zuzendutako nazioarteko ikertzaile-talde batek sakon aztertu du onddoa, jakiteko zerk eragin ahal izan zuen Lurreko bizidunen proportzio handi bat desagertzea eta hura ugaritzea.
Azaldu dutenez, litekeena da ingurumen-aldaketa bortitz bat gertatzea, sumendi-erupzioen eraginez sufre dioxidoa eta beste hainbat gas toxiko kantitate handietan isuri zelako edo. Hipotesi horren arabera, isurketa haiek euri oso azidoak eragin zituzten, eta euri haiek suntsitu zituzten bizidun gehienak. Kondizio haiek, ordea, egokiak ziren Reduviasporonites onddoentzat. Gainera, ikertzaileek ikusi dute onddoen elikagaia hildako zuhaitzak zirela. Hortaz, izugarrizko mauka izan zen bizidun haientzat gainerakoen iraungitzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia