}

Batzuek fama, eta besteek izana

2010/02/07 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Harrapari handiak, hala nola otso iberiarrak, berriz ere ugaritzen ari dira pixkanaka gure inguruan, eta, oro har, herrialde industrializatuetan. Horrek egonezina sorrarazi die abeltzainei, ustez beren ardiak arrisku handiagoan egon daitezkeelako. Baina orain dela gutxi Animal Conservation aldizkarian argitaratu duten artikulu baten arabera, otso europarrak, hein handi batean, orkatzez eta basurdeez elikatzen dira, eta, ardiez, kasuen % 3an besterik ez. Harrapari handiak, hala nola otso iberiarrak, berriz ere ugaritzen ari dira pixkanaka gure inguruan (Argazkia: Raúl Arévalo) .

Euskal Herrian, Araba inguruan dago otso gehien; izan ere, Araba jotzen da otso europarraren Iberiar penintsulako populazioaren ekialdeko mugatzat. Inguru horretan, latxa ardiak dira abere ugarienak. Ardiak hesitu gabe egoten dira askotan, eta ez dira beti artzainen zaintzapean egoten.

Askotan berri ematen da ardi horiek otsoen erasoak jasan dituztela, eta horrek liskarrak eragin izan ditu baserritarren, kudeatzaileen eta otsoen kontserbazioaren aldeko agentzien eta taldeen artean. Eta gobernuak diru asko gastatzen ari dira horren harira. Arabako Aldundiaren datu ofizialen arabera, 2003-2004 urteetan 432 aberek jasan zuten erasoa, eta animalia horietako ia 400 ardiak izan ziren. Bada, eraso horien % 94 otsoei leporatu zizkieten, eta Arabako Aldundiak ehun mila eurotik gora gastatu zituen ordainsaritan eta otsoen erasoei aurrea hartzeko lanetan.

Araba jotzen da otso europarraren Iberiar penintsulako populazioaren ekialdeko mugatzat; eta, hain zuzen, latxa ardiak dira abere ugarienak inguru hartan (Argazkia: José Antonio Gil) .

Ez argitzea, otsoen kalterako

Horrelako gauzek oso ospe txarra eman diete otsoei, eta, horren eraginez, jazarpen handia jasaten ari dira. "Seguru asko, bidegabea da hainbesteko jazarpena", dio Jorge Echegarayk, azterketa egin duen ikertzaileetako batek. Izan ere, oso gutxitan hartzen dute kontuan otsoez gainera basati bihurtu diren edo kontrolpean ez dauden zakurrak ere gai direla ardiei eraso egiteko. Oso gutxitan neurtzen dute zakur horiek abereen harraparitzan duten erantzukizuna. Aipatutako denbora-tartean, adibidez, zakurrei 10 eraso baino ez zizkieten leporatu.

Basati bihurtu diren eta kontrolpean ez dauden zakurrak ohikoak dira, baina teknikoki zaila izaten da bereiztea erasoak otsoak edo zakurrek egin dituzten. Helburua, ordea, baldin bada basa bizitza eta abeltzainen jarduna behar bezala uztartzea, ezinbestekoa da bereizketa hori egiteko gai izatea. Ikertzaileek frogatu dute metodo genetikoak tresna erabilgarriak direla horrelako programak garatzeko.

Egindako ikerketan, otsoenak ziruditen 136 gorotz bildu zituzten, eta, banakoak identifikatzeko metodo genetikoak erabilita, ikusi zuten bazegoela bereiztea gorotzak otsoenak edo zakurrenak ziren. Bildutako guztietatik 86 gorotzetan identifikatu ahal izan zuten jatorrizko animalia: 31 otsoenak ziren, 2 azerienak eta 53 zakurrenak.

Ardiek otsoen erasoak jasaten dituztela uste izateak horrek liskarrak eragiten ditu baserritarren, kudeatzaileen eta otsoen kontserbazioaren aldeko agentzien eta taldeen artean (Argazkia: Alfonso Benayas) .

Otsoen nahiz zakurren gorotzetan zeuden harrapakin-arrastoak aztertzean, ikusi zuten gorotz bakoitzak harrapakin bakar baten hondarrak zituela. Bada, 30 otso-gorotzetatik 22tan harrapakin basatien hondarrak aurkitu zituzten: hamazazpitan orkatzenak, hirutan basurdeenak, batean azkonarrenak eta beste batean erbienak. Beste zortzi otso-gorotzek abereen hondarrak zituzten; lauk zaldienak, hiruk behienak eta bakar batek ardienak.

Zakur-gorotzetan, bestalde, 39 harrapakin identifikatu ahal izan zituzten. Horietatik 14k (% 36k) ardi-hondarrak zituzten, eta zazpik (% 18k) zaldien edo behien hondarrak. Beraz, abereek zakur-gorotzetan identifikatutako harraparien % 54 bete zuten.

Emaitza horiek ikusita, Echegarayk dio Aldundiak zalantzan jarri beharko lukeela "zuzena ote den" eraso gehienak otsoei leporatzen jarraitzea, eta horrek balio beharko lukeela "prebentzio- eta ordain-programak behar bezala diseinatzeko", eta harrapari naturalen eta gizartearen arteko gatazka txikitzeko.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia