Basoilar kantauriarra hibridatzea proposatu dute, galzoritik ateratzeko
2024/05/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Basoilar kantauriarrak (Tetrao urogallus cantabricus) biziraun dezan, beste populazio baten geneak behar dituela ondorioztatu dute Doñanako Estazio Biologikoko ikertzaileek (CSIC). Izan ere, gaur egun basoilarra ehizatzea debekatuta badago ere, aurreko mendean bereziki arrak ehizatu izanak endogamiara bultzatu duela populazioa. Era berean, zientzialariek subespezietzat jo izan dute, eta, dituen berezitasunak gordetzearren, beste populazioekin izan zezakeen fluxu genetikoa oztopatu da. Eta, orain, populazioa galtzeko arriskuan dago.
Egoera horri aurre egiteko, beste populazio batekin hibridatzea proposatu dute ikertzaileek, dibertsitate genetikoa sustatzeko. Bestezenbati espezietan, irtenbide aproposa dela frogatu da, eta basoilararentzat ere egokia izango delakoan daude. Azken finean, sailkapen taxonomikoak egiteko irizpideak alda daitezke; eta, kasu honetan, ikertzaileek ez dute uste oinarri zientifikorik dagoenik basoilarren subespezieak sailkatzeko. Are gehiago: basoilar kantauriarrarentzat, sailkapen hori erabat kaltegarria izaten ari da.
Ikertzaileek azaldu dutenez, endogamiak populazio bat desagertzera eraman dezake, baita hasierako mehatxua desagertu bada ere. Fenomeno autoelikatua da: endogamiaren ondorio negatiboek, ugalketan, biziraupenean edo bietan, populazio-galerak eragiten dituzte, eta, horrek, aldi berean, endogamiak okerrera egitea eragiten du. Adibidez, basoilar kantauriarrari buruz bildu dituzten datuetan, 1950 eta 2020 artean, habia bakoitzeko arrautza-kopurua erdia baino gehiagora murriztu dela ikusi dute. Horri txiten hilkortasun handia gehitu zaio.
Beraz, beste kasu batzuetan espezie baten berezitasuna gordetzea haren biziraupenerako mesedegarria izan bada ere, oraingoan hibridatzearen alde egitea proposatu dute ikertzaileek. Evolutionary Applications aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia