}

Basoan barna, sendabidean

2005/11/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Goazen basoan barna. Benetan ederra dago: soineko koloretsuz jantzia, eta lurzoru tapizatu berriarekin. Basoan barneratzean, gaitz guztiak sendatzen direla sentitzen du batek. Eta, dirudienez, ez dabil erabat oker, zientzialariek ere aitortzen baitiote eragin sendagarria basoaren atmosferari.

Basoan ibiltzeak alderdi askotatik egiten dio mesede osasunari.
(Argazkia: Danel Solabarrieta).

Japonian Shinrin-yoku deitzen diote basoan murgiltzeari, eta, hango ikertzaileek frogatu dutenez, eragin mesedegarria du osasunean. Esate baterako, ikusi dute diabetikoei odoleko glukosa-kontzentrazioa gutxitu egiten zaiela basoan ibiliz gero. Beste ikertzaile batzuek, berriz, ikusi dute arnas aparatuko zenbait gaixotasun arintzen dituela.

Zer du basoak eragin sendagarria izateko? Galdera horri erantzun nahian dabiltza hainbat ikertzaile, eta basoko airean dauden molekulak aztertzeari ekin diote aurrena. Hain zuzen ere, 120 konposatu aurkitu dituzte Kaliforniako Sierra Nevadako basoetan, baina horietatik 70 besterik ez dute identifikatu. Horrek esan nahi du basoan dabilenak ez dakitela zer arnasten duen. Eta hori, ikertu den tokian. Zer arnasten dugu hemengo basoetan? Batek daki.

Molekula lurrunkorrak

Nolanahi ere, identifikatutako molekulen artean, onddoek eta lurzoruko bakterioek askatutako konposatuak daude. Gehienak, ordea, zuhaitzetatik datoz. Zehazki, hostoen zelulen artean dauden poltsiko moduko batzuetatik askatzen dira konposatu organiko lurrunkorrak. Horietako asko kimikan monoterpeno deitzen zaienak dira.

Hostoetatik askatzen dituzte zuhaitzek konposatu organiko lurrunkorrak.

Teoria bat baino gehiago dago zuhaitzek konposatu lurrunkorrak zergatik askatzen dituzten azaltzeko. Litekeena da intsektuak uxatzeko askatzea, edo metabolismoaren albo-produktuak izatea.

Arrazoia bata, bestea ala biak izan, konposatu organiko lurrunkorrek eragina dute pertsonengan. Molekula lurrunkorrak sudurrean dauden usaimen-nerbioekin kontaktuan jartzen direnean, nerbioek mezua bidaltzen dute garuneko sistema linbikora. Hain justu, senezko emozioez arduratzen da garunaren eremu hori, hala nola, sexuaz, oroimenaz eta agresibitateaz. Eta frogatuta dago sistema linbikoak gorputzean eragiten duela. Molekula lurrunkor bat usaindutakoan, beraz, kate osoa jartzen da abian, nahiz eta bat ez den horretaz jabetzen.

Gainera, sudurrera ez ezik, biriketara ere iristen dira molekula lurrunkorrak. Eta handik odol-zirkulazioan sartzen dira batzuk. Hortaz, basoan ibiltzean arnastutako molekulak gorputzaren parte bihurtzen dira.

Aromaterapia

Basoan galtzeak ez du preziorik.
(Argazkia: Itziar Nogeras).

Aromaterapian, olio esentzial deitzen zaie landare-jatorriko konposatuei, eta bakoitzak berariazko eragina du giza gorputzean. Adibidez, aromaterapian lan egiten dutenen arabera, pinuen monoterpenoak birusen aurkakoak eta antiseptikoak dira, hau da, infekzioetatik babesten dute. Horretaz gain, onak dira asma eta arnas aparatuko gaitzak arintzeko ere. Alabaina, ez dago hori frogatzen duen ikerketa zientifikorik.

Ahotik hartuta, berriz, frogatuta dago monoterpenoek minbiziaren aurkako eragina dutela, eta kimioterapian hartzen diren botikek monoterpenoak izaten dituzte. Oraindik, ordea, ez dute frogatu usainduta eragin sendagarri hori duten ala ez.

Salisbury Unibertsitatean diharduen Joan Maloof biologoaren ustez, baliteke mendebaldeko medikuntza ez arduratzea basoen eragina ikertzeaz, hortik ezin delako etekin ekonomikorik atera, ezin baita basoko airea flasko batean sartu eta urrearen prezioan saldu. Dena dela, askok ez dute froga zientifikorik behar jakiteko benetan osasungarria dela. Eta, oraingoz behintzat, basoan galtzeak ez du preziorik.

7K-n argitaratua.