Baso zaharrak, neutroak? Ez horixe!

Baso primario borealak eta epelak, hau da, eskualde boreal eta epeletan gizakiaren esku-hartzerik ez duten baso helduak, munduko basoen % 15 dira, eta, Nature aldizkariak jakitera eman berri duenez, haiek egiten dute munduko materia organikoaren ekoizpen netoaren % 10 inguru.

Ondorio horretara iritsi dira Belgikako Antwerp Unibertsitateko ikertzaile batzuk, FLUXNET sareko 519 lekutan jasotako datuak aztertuta. FLUXNET ekosistemen eta atmosferaren arteko karbono-fluxua neurtzeko mundu mailan sortutako behatoki-sare bat da (karbono dioxidoaren, ur-lurrunaren eta energiaren trukea neurtzen dute behatokiek).

Ikerketa horrek ezeztatu egin du oraindik ere oso zabaldua dagoen ideia bat: baso helduak karbonoari dagokionez neutroak direlako ustea, hain zuzen. Askok eta askok uste dute baso heldu batek atxikitzen duen adina karbono askatzen duela atmosferara arnasketaren eta hildako zatiak usteltzearen bitartez.

Ikerketa berriak, ordea, esaten du baso zaharrenek ere askatzen duten baino karbono gehiago atxikitzen dutela, zuhaitz zaharrek arnasketa-tasa txikia dutelako, zaharrak izanda ere hazten jarraitzen dutelako eta baso horietan zuhaitz berriak ateratzen eta hazten direlako.

Irudia: Cristoph Thomas

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali