Baso zaharrak, neutroak? Ez horixe!
2008/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Baso primario borealak eta epelak, hau da, eskualde boreal eta epeletan gizakiaren esku-hartzerik ez duten baso helduak, munduko basoen % 15 dira, eta, Nature aldizkariak jakitera eman berri duenez, haiek egiten dute munduko materia organikoaren ekoizpen netoaren % 10 inguru.
Ondorio horretara iritsi dira Anberesko Unibertsitateko (Belgika) ikertzaile batzuk, FLUXNET sareko 519 lekutan jasotako datuak aztertuta. FLUXNET ekosistemen eta atmosferaren arteko karbono-fluxua neurtzeko mundu mailan sortutako behatoki-sare bat da (karbono dioxidoaren, ur-lurrunaren eta energiaren trukea neurtzen dute behatokiek).
Ikerketa horrek ezeztatu egin du oraindik ere oso zabaldua dagoen ideia bat: baso helduak karbonoari dagokionez neutroak direlako ustea, hain zuzen. Askok eta askok uste dute baso heldu batek atxikitzen duen adina karbono askatzen duela atmosferara arnasketaren eta hildako zatiak usteltzearen bitartez.
Ikerketa berriak, ordea, esaten du baso zaharrenek ere askatzen duten baino karbono gehiago atxikitzen dutela, zuhaitz zaharrek arnasketa-tasa txikia dutelako, zaharrak izanda ere hazten jarraitzen dutelako, eta baso horietan zuhaitz berriak ateratzen eta hazten direlako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia