}

Baso tropikalak dirutan

2000/07/02 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Basoak kontserbatzeak tokikoei, eta, oro har, munduari mozkin ekonomikoa eskaini arren; naioei, banaka hartuta, ez die errentagarritasunik sortarazten. Madagaskar-eko Masoala Parke Nazioanalaren kasua aztertu ondoren, horiek dira Science zientzi aldizkarian argitaratu diren emaitzak. Ikerketan ekologista eta ekonomistek parte hartu dute eta esandakoen arabera, baso tropikalek ekonomian dute etorkizuna.


Urtero 13 milioi baso hektarea suntsitzen dira munduan, 5.6 eta 8.6 CO2 tona atmosferara igortzen dira eta 14.000tik 40.000ra espezie desagertu egiten dira oihan tropikaletan. Berotegi-efektuko gasen eraginez, hurrengo mendean Lurrarren tenperatura 1eta 4 ºC bitartean igo daiteke. Lehorraldi bortitzak, uholdeak, espezieen inbasioak eta iraungitzeak... horiek izango omen dira planeta beroagoaren ezaugarriak. Horrek guztiak, noski, kalte- ekonomiko handiak eragingo ditu. Kalte-ekonomiko horien ildotik, hain zuzen, ingurugiroa kontserbatzeko bideak ezarri nahi dituzte hainbat ekologistek.


Atmosferara igortzen diren berotegi-efektuko gasetatik % 20-30 oihan tropikalak deforestatzetik sortzen dira. Bestalde, oihan haietan iraungitzen ari dira munduko espezie gehienak (han baitira ugarienak). Oihan tropikalak kontserbatzen badira, biodibertsitate-galera eta berotegi--efektua, biak, murriz litezke. Baina ahaleginak eginda ere, tropikoetako "gune babestu" ugari degradatzen ari dira eta, babesik ez dutenak, berriz, egur eta soro bilakatzen ari dira. Honi guztiari aurre egiteko, kontserbazioari balio ekonomikoa ematea proposatzen dute askok eta, hain zuzen, hori da aipatu artikuluan eztabaidatu dena. Standford-eko ikertzaileek Madagaskar-eko Masoala Parke Naturala eredutzat hartu dute, ebaluazio ekonomikoa egiteko egokia baita, eta eskala lokal, nazional eta globalean aztertu dute.


Masoala Parke Nazionalak 2.300 km2 ditu eta, batik bat, euri-oihana da. Parkea 1.000 km2-ko baso-eraztunak inguratzen du, baina eraztun hori ez dago babesturik. Zur-industriak egur-tonaka ugari ateratzen du urtero bertatik; dena dela, ez da hau deforestazioaren erantzule bakarra. Nekazariek erein ahal izateko lurrak edukitzeko, etxeak eraikitzeko eta beste hainbat beharretarako zuhaitzak moztu eta erre egiten dituzte. Zur-konpainiek eraikitako eta erabilitako errepideek, gainera, basoetarako sarbidea erraztu egiten dute. Ondorioz, nekazariak zailtasun handirik gabe gero eta barrurago irits daitezke eta zuhaitz gehiago erre eta ebakitzen dituzte. Horrela, konpainiek eragindako deforestazio-arazoa areagotu egiten da.


Garapen jasangarria


Masoala parkeak duen mehatxurik handiena arroz-soroak behar dituzten nekazariak dira, izan ere, bizitzeko behar duten arroza erein ahal izateko, zuhaitzak erre eta moztu egiten dituzte. Kalkuluen arabera, nekazariak 10 urte baino gutxiagoan parkearen bihotzeraino irits daitezke. Suntsipena geraraztearren parkeko kudeatzaileek kontserbazioa bultzatzeko pizgarri ekonomikoak bideratu nahi dituzte. Baina, errentagarria al da hori egitea?


Bai eta ez. Basoarekin lotura estua duten herrixketako biztanleentzat oihana kontserbatzea errentagarria izan liteke. Ikertzaileen arabera, zuhaitzak moztuz eta errez bereganatutako landari esker herrixketako biztanleek 12.000 $-eko mozkina lortuko lukete 10 urteren buruan. Baina oihana kontserbatuz gero, mozkina 200.000 $koa izango litzateke. Herritarrek teilatuak estaltzeko, kanoak eraikitzeko, senda-belarrak lortzeko eta beste hainbat zereginetarako erabiltzen dute basoa. Horrez gain, basotik eratorritako produktuen salmenta eta turismoa ezin dira ahaztu. Horri guztiari balio ekonomikoa emanez, lehen aipatutako balantze positiboa lortzen da, maila lokalean bederen.


Mundu mailan ere antzeko zerbait gertatzen da. Adituek atmosferara igorriko ez den karbono tona bakoitzari 20 $eko balio eman diote; hau da, igortzen ez den karbono-tona bakoitzeko munduko ekonomiak 10 urtetan 20 $ irabaziko lituzke. Horren arabera, Masoala parkea kontserbatuz gero, munduko ekonomiak 180 milioi $ irabazi edo aurreztuko lituzke. Herrialde mailan kalkulu berberak egiten direnean, berriz, balantzea guztiz bestelakoa da: parke naturaleko egurra atzerrian salduz gero, Madagaskar-ek 90 milioi dolar irabaziko lituzke. Nazio-mailan errentagarriagoa da Madagaskar-entzat basoak kontserbatzea baino zur-konpainiei eskaintzea. Horren adibide Masoala parke natural izendatu zenean izandako tirabirak dira. 1997. urtean Madagaskar-eko gobernua oihan zati hura zur-konpainia baten esku uzteko prest zegoen eta kontserbazionista eta diplomatikoen presioagatik izan ez balitz, biodibertsitatearen ikuspuntutik hain garrantzitsua den eskualdea galdua legoke. Hori bai, parkea izendatu izanaren truke, Munduko Bankuak Madagascar-eko gobernuari kontserbatutako oihan hektareako diru-kopuru jakina ordaintzen dio.


Garapen bidean dauden herrialdeentzat oso zaila da zur-konpainiei ezezkoa ematea, diru-iturri seguru eta ugaria baitira. Oihanen kontserbazioak epe luzerako onurak ziurtatzen badizkie ere, epe laburrean behar dute garatu. Nola sinestarazi, orduan, kontserbazioak epe laburrean ere eragina duela? Nola uztartu garapena eta kontserbazioa?


Garapen Garbirako Mekanismoa


1997. urtean hitzartu zen Kioto-ko protokoloan arazo honi aurre egiteko baliogarria izan daitekeen mekanismoa proposatu zen, Garapen Garbirako Mekanismoa (GGM), hain zuzen. Kioton berotegi efektuari aurre egiteko, karbono dioxido igorpenak murriztea adostu zen. Igorritakoaren % 60 baino gehiago Europa eta Estatu Batuei dagokie eta, beraz, bi herrialde horiek murrizketa handia egiteko konpromisoa hartu zuten. Baina helburuak betetzea zaila denez, murrizketarako bigarren bidea proposatu zen. Herrialde industrializatuek bi modutara gutxiago ditzakete karbono dioxidoaren igorpenak: gutxiago igorriz edo garapen bidean diren herrialdetan haize-errotak, eguzki-panelak eta halakoak ipiniz. Bigarren aukera honi "karbono kreditua" deritzo: herrialde batek ez du murrizketa egiten, baina beste batek ez du gehiago igortzen eta balantzea zero da; bigarren herrialdeak trukean diru-a jasotzen du. Ordaintzen duen herrialdea industrializatua izan ohi denez eta kobratzen duena, berriz, garapen bidean dagoenez, bigarrenak jasotako dirua garapenerako erabil dezake.


Atmosferara igortzen dugun karbono dioxidoaren bi heren erregai fosiletatik datoz eta, horregatik, energia garbiak bultzatzeko ekimenak oso baliagarriak dira. Baina igortzen dugunaren beste % 20-30, esan bezala, euri-oihanak erretzetik dator. Oihan horietako zuhaitzen % 50 karbonoa da eta erretzen den oihan hektareako 32 karbono dioxiodo tona igortzen dira atmosferara. Hori ikusita, oihan tropikalak Garapen Garbirako Mekanismoan kontuan har daitezen proposatu zen Kioton. Haize-errotak jarri ordez, oihana kontserbatzearen truke diru kopuru bat eman diezaioke herrialde industrializatuak garapen bidean dagoenari. Baina orduan oihanak mekanismotik kanpo geratu ziren eta gaur ere hala daude.


Masoala parkean ikerketa egin dutenen arabera, ordea, kreditu-sistema hori oihanetara zabalduko balitz, kontserbazioak nazio-mailan eragiten duen galera ekonomikoa konpentsatuko litzateke. Oihanak babestea atmosferako karbono dioxidoa murrizteko modu merkeenetakoa da, gainera.

Denborak aurrera darrai


Joan den hilean Europako Batasuneko herrialdeek aldaketa klimatikoari buruzko bilera egin zuten.Hainbat puntu adostu ziren arren, oihanak Garapen Garbirako Mekanismoan onartu behar diren ala ez ez zen eztabaidatu.Datorren bilera azaroan izango da eta beharbada orduan helduko zaio arazoari. Bitartean oihanak desagertzen ari dira. Munduko euri-oihanen % 50 suntsiturik daude jada: Asiak baso naturalen % 88 galdu egin du, Afrikak %45 eta Hego eta Erdialdeko Amerikak beste hainbeste. Oihanei egiten zaien presioa izugarria da, tartean interes ekonomiko ikaragarriak baitaude.WWF eta Europako Batasunak osatu duten txostenean aditzera eman dutenez, oihanak kontserbatzeko zailtasunak oso handiak dira. Herrialde askok kanpo zorra ordaindu nahi badute zuhaitzak moztea beste aukerarik ez dute. Horrez gain, zur-konpainiek 11 herrialdetan gutxienez eroskeri bidez lortu dituzte basoak ustiatzeko baimenak. Ustelkeria hori guztia salatu duten arren, aipatu txostena samurregia dela eta benetako egoera askoz latzagoa dela adierazi dute hainbat erakundek: Brasilek, esaterako, Amazonas oihanaren % 10 besterik babestuko ez duela adierazi du; Kamerun-en oihanean zehar mila kilometroko petrolio-hodia pasako dute; Asian dagoeneko ezer gutxi salba daiteke...

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia