Baso lainotsuak, lainorik gabe
2002/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Costa Ricako baso lainotsuak Amerikako bazterrik nabarmenetakoak dira. Ia % 100eko hezetasuna dute, eta 420 orkidea-espezie, 400 bat hegazti-espezie, 120 anfibio-espezie eta 100 ugaztun-espezie inguru bizi dira bertan, besteak beste. Quetzal ezaguna, kanpai-txoria eta 30 kolibri-espezie ere bai. Izan ere, biodibertsitatearen gordailu dira Laino mendiak eguzki-erradiazioen sarrera oztopatzen du. Aldi berean, hezetasuna emendatu eta transpirazioa gutxitu egiten du. Horrek guztiak lurraren egituran, mantenugaien zikloan eta landaretzaren konposaketan eragiten duenez, mendi tropikaletan gora doan aire-masak lurralde lainotsu horien kontserbazioan eta kudeaketan eragin handia izan dezake.
Deforestazioa, ordea, ekosistema berezi hori desorekatzen ari da, inguruko zuhaitzik gabe airea hoztu eta lainoa sortu aurretik igo eta kanporatzen baita. Dagoeneko espezie ugari desagertu da, eta Zientzia Tropikalen Zentroaren arduradunek argi utzi dute kontserbazio-planak lurralde osoa kudeatzeko gaitasuna eman behar diela, ez baso lainotsuak berak soilik.
Tailaran mendiaren magalean daude baso lainotsuak. Haize bero eta hezea mendian gora doanean, zuhaitzen artean pilatutako urak haizea hoztu eta, ondorioz, kondentsatu egiten da. Horrela, basoan lainoa izaten da etengabe.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia