}

Baso artifizialak

2001/04/19 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Lehengo astean aipatu genuen Estatu Batuek Kiotoko hitzarmenetik at geratzea erabaki zutela eta, geroztik, Australia ere bide beretik abiatu da. Honako berriak ere CO2-arekin lotura du eta Estatu Batuetatik dator, nahiz eta ez dakigun kontuan hartzeko modukoa ote den.

Basoek gizakiak sortzen duen adina CO2-rik xurgatzen ez dutenez, bahe artifizialak erabiltzea proposatzen dute Los Alamos-eko ikerketa--zentroko ikertzaileek. Bahean kaltzio hidroxidozko soluzioa jarriko lukete. Soluzioak CO2-a zurgatu eta kaltzio karbonato solidoa sortuko litzateke. Kaltzio karbonato hori berotuta, CO2-a erauziko litzaioke eta azken horri magnesio silikatoa gehitu gai solido eta inertea lortzeko. CO2-az eta magnesio silikatoaz osatutako harri-itxurakoa sortuko litzake eta biltegietan gorde.

Aire-zirkulazioa munduan zeharrekoa denez, baheak etengabe aire berria iragaziko luke eta ez beti toki berekoa, horrela bahearen eraginkortasuna areagotuz. Baheak baso naturalek baino 20-30 bider CO2 gehiago xurgatzen omen du, urtean 7 gigatona CO2 200.000 km2-ko, alegia.

Beste noizbait esan dugun bezala, ez al litzateke hobe zabor gutxiago sortzea sortutako zaborra garbitzea baino? Egin kontu 200.000 km2 447 x 447 km direla, eta hori guztia kaltzio hidroxidoz josi beharko litzatekeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia