}

Basamortuko inurria

1992/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Saharan, eguerdietan, 60 °C-ko tenperaturak izaten dira eta bertan itzalen bat aurkitzea fikzio hutsa da. Garai horretan, animaliarik gehienek beren babeslekuetan dauden bitartean, basamortuko inurria jateko bila irteten da. Intsektu honek zenbait taktika erabiltzen du baldintza gogor hauei aurre egiteko.

Hondarrak erre egiten duenean, inurriak sei hanka baldin baditu ere, bi hanken gainean txingoan ibiltzen da. Deshidratazio-arriskua dela eta, intsektua ahalik eta gutxien egoten da agerian. Horretarako, oso azkar ibiltzen da, atsedenik hartu gabe eta arnasari ahalik eta gehien eutsiz, hezetasunik gal ez dezan. Segundo batean dezakeen distantzia, bere luzera baino 100 aldiz handiagoa da. Harrapakin hil ala biziak ikusi orduko, berehala ateratzen da bere habiatik. Bidean ez galtzeko sistema ere aurkitu du.

Horretarako zeruko argi polarizatuzko lerroei jarraitzen zaie. Gainera habiara itzultzeko beti biderik motzena aukeratuko du. Nekatzen denean, zurtoin batera igo eta aurreko hankak luzatzen ditu.

Zurich-eko unibertsitateko zoologi irakasle den Ruediger Wehner doktoreak inurri hauek aztertu ondoren, batetik “Cataglyphis” espeziekoak direla esan du eta bestetik, basamortuko lurra arakatuz inurrien ibilbideen kartografia irudikatu du. Hark dioenez “animalia hauek aztertu ondoren, ordenadore txikien antzera jokatzen dutela pentsatzen dut, hau da, garun txikiek arazo izugarriak gainditzeko ahalmena dutela”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia