Elhuyar zientziaren komunikazioa

Barrea eta gogoeta, eskutik helduta Ig Nobel sarietan

2010/10/31 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nobel Sarien ondotik iritsi dira aurten ere Ig Nobel sariak . Errepika ezin diren edo errepikatzea komeni ez diren ikerketek izaten dute halakorik lortzeko “ohorea”. Bestalde, irribarrea eragiteko ahalmena izan behar dute lanek, eta gerora zer pentsatua ere eman behar dute. Aurten, behintzat, ez dirudi gogoetarik faltako denik: lehenengoz, aurretik fisikako Ig Nobel bat jasotako ikerlari batek egiazko Nobel Saria eskuratu du.

Baleen arnasketa-arazoak aztertzeko proposamen berritzaile batek jaso du Ingeniaritza-saria.

Ig Nobelak zientzia eta umorea uztartzen dituen Annals of Improbable Research aldizkariak antolatzen ditu, 1991az geroztik. Hona hemen aurtengo sarituak:

Ingeniaritza-saria baleen arnasketa-arazoak aztertzeko proposamen berritzaile batek jaso du. Balea ur gainera irtetean, helikoptero batek (urrutiko kontrol bidez) haren mukiak bildu eta laginak aireontziko behealdean jarritako erretilu batzuetan gordetzen ditu. Bi zientzialari britainiarrek eta mexikar batek egin dute ikerlan hori.

Arnasketa-arazoak ikertu dituzte Medikuntza-sariaren irabazleek ere, baina gizakietan. Herbehereetako ikerlari batzuei esker, irtenbide praktiko bat izan lezakete asmatikoek. Gaitzaren sintomak nola tratatu? Jolas-parke bateko errusiar mendi batean buelta bat emanez, adibidez.

Asmaren sintomak tratatzeko, terapia gisa errusiar mendi batean buelta bat ematea proposatzen du Medikuntza-saria lortu duen lanak.
Care—SMC

Edonoren bizimoduan aplikazio zuzena izan dezake, bestalde, Bakearen saria lortu duen lanak. Gaizki esaka edo biraoka aritzeak egiaz mina arintzen duela frogatzeagatik jaso dute saria Erresuma Batuko ikertzaile batzuek.

Biologiako sariaren irabazleek fruitu-saguzarrek felazioak egiten dituztela dokumentatu dute. Txinako eta Erresuma Batuko ikerlari batzuen lana da, eta, antza denez, ez nolanahikoa. “Gizakiak ez diren beste animalia heldu batzuek felazioa maiz praktikatzeko joera dutela egiaztatzen duten lehen frogak” lortu dituzte, izan ere.

Praktikoa, benetan, Fisikako sariaren mamia bera. Esan, bestela, ingurune hotzetan bizi direnei! Zeelanda Berrian egiaztatu dute: izoztutako lekuetan, oinetakoen gainean galtzerdiak jantziz gero, jendea askoz gutxiago erortzen da.

Sariak banatzeko ekitaldia bera ere xelebrea izaten da. Sarituak ez ezik, umorea ere izaten da protagonista. Irudian, iazko emanaldia. (Argazkia: PTWO ).

Osasun publikoaren atalean saritutako lanaren izenburua, berriz, hauxe: “Gizon bizardunen arrisku mikrobiologikoa laborategietan”. Deigarria, ezta? AEBko talde batek 1967an ohartarazi zuen mikrobioek bizarretan itsasteko joera dutela. Talde harentzat izan da saria.

Zer egin daiteke erakundeen eraginkortasuna sustatzeko? Kargu-igoerak zoriz hautatutako langileei eman. Horri azalpen matematikoa emateagatik Enpresa-kudeaketa saria lortu dute Italiako hiru ikerlarik. Ekonomiakoa, bestalde, hainbat enpresarik irabazi dute, munduko ekonomiarentzat (edo haren parte batentzat, behintzat) irabaziak handitzeko eta arriskuak gutxitzeko proposamenak diseinatu eta baliatzeagatik.

Kimikako Ig Nobela zenbait petrolio-enpresari eta unibertsitate-irakasleri eman zaie, “petrolioa eta ura ez direla nahasten dioen uste zaharra okerra” dela frogatzeagatik.

Bukatzeko, Garraioaren atalean, Japoniako eta Erresuma Batuko ikerlariak izan dira garaile, tren-errailak ezartzeko biderik onenak zein diren zehazteko lokatzaren lizuna erabiltzeagatik.

Ig Nobeletik Nobelera

Aurten, Andre Geim eta Konstantin Novoselov errusiarrek irabazi dute fisikako “egiazko” Nobel saria, grafenoarekin egindako ikerketengatik. Nobela material hori aurkitu zutenei emateko erabaki horrek baliteke, nolabait, Ig Nobelei ere “prestigio” handiagoa ematea. Izan ere, Geim orain 10 urte egin zen ezaguna, fisikako Ig Nobela lortu zuelako sir Michael Berryrekin batera, eremu magnetikoa erabilita igelak bizirik lebitarazteagatik.

Geim da Nobel saria eta Ig Nobela jasotzen dituen lehen pertsona. Umore-kontuak alde batera utzita, Ig Nobelei garrantzi eta gogoetarako tarte handiagoa eskainiko ote zaie aurrerantzean?

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia