}

Banketxeetan baino lapurreta probetxugarriagoak egiten dira oihanetan

2001/12/09 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Animalien legez kanpoko ehizak eta trafikoak urtero 800.000 milioi pezeta (120.000 milioi libera) mugitzen ditu. Ondorioz, harrigarria badirudi ere, arma eta droga trafikoaren atzetik, legez kanpoko komertzio garrantzitsuena da. Datu horiek, beren baitarik ere, animalia basatiekin egiten diren sarraskiei buruz asko esaten dute, baina guztia ez.
Askok dituzte gustuko animalia eder eta bitxiak.

Lapurreta entzutetsuenak banketxe, museo edo segurtasun-neurri zorrotzak dituzten eraikuntzetan egindakoak izaten dira. Kolpetik diru asko eskuratzeko bidea izaten dira, baina ohoinak hartzen duen arriskua ere handia da. Bada beste lapurreta mota bat ia-ia arriskurik gabe diru asko ematen duena; oihan basatietako faunarena eta florarena, alegia.

Espezieak identifikatu eta basapiztien artean sartzeko beldurrik ez izatea da "ofizio" horretan hasteko baldintza bakarra. Esan bezala, diru askoren iturri eta arrisku gabeko ofizioa da. Sinesten ez duenarentzat hona jarraian bi datu: animalia basatien merkatu beltzak urtero 20.000 milioi dolar mugitzen ditu eta lapurtzen diren animalien % 0,45 baizik ez da atzematen. Zer gehiago eskatzen du lapur profesional batek?

Baina datuok lapurraren ikuspuntutik baino fauna babestu nahi duenaren ikuspuntutik aztertuz gero, egoeran kezkagarri irizten zaio. Gainera, datu horiek bere horretan ikaragarriak izanagatik ere, egoera are larriagoa da bizirik irautea lortzen duten animalien kopuru eskasa kontuan hartuz gero. Harrapatzen diren animalietatik % 60-80 hil egiten direla estimatzen da.

Legez kanpoko trafiko hori biodibertsitatea murriztearen arrazoi nagusietakoa da, desagertzear dauden 700 espezieri eta mehatxatutako beste 26.300 eragiten baitie. Adibidetzat, hona hemen zenbait datu: 50.000 primate, 140.000 elefante-letagin, 5 milioi hegazti, 10 milioi narrasti-larru, 15 milioi ugaztun-larru, 9 milioi orkidea, 7 milioi kaktus eta 135 milioi arrain tropikal komertzializatzen dira urtero.

Desagertzeko zorian dauden animaliak dira garestienak eta, ondorioz, bilatuenak. Espeziea desagertzearekin bukatzen den soka da animalien legez kanpoko trafikoa.

Bilduma exotikoak, larrua eta... pozoia

Erosleak gehienbat estatubatuarrak, europarrak edo japoniarrak dira eta saltzaileak, berriz, Hego Amerika, Afrika eta Ipar-ekialdeko Asiako herrialde txiroak. Baina, jakina denez, trafikotik lortzen den dirua trafikoaren monopolioa duten trafikatzaileen esku gelditzen da.

Animaliok apaingarri gisa, moda kontuengatik, bilduma handitzeko edo maskota gisa edukitzeko erosten dira. Hori bai, horrelako animaliak eskuratzeko ezinbestekoa da diru asko ordaintzeko prest egotea.

Otsoa trafikatzaile askorentzat animalia preziatua da.

Boa sugea da merkatu beltzean eskura daitekeen animalia exotiko merkeenetakoa. Bere prezioa 600.000 pezeta inguruko da. Jararaka suge pozoitsua garestiagoa da, 3 milioi pezeta (120.000 libera) balio dezake. Prezio bertsua dute, jaguar-larruak edo Brasileko papagai urdinak ere. Ara edo Guakamaioa 9 milioi pezeta (360.000 libera) kosta daiteke eta, azkenik, gorila bat 10-15 milioi pezetan (500.000 libera inguru) saltzen da.

Baina animalia ez da derrigor bizirik saltzen. Merkatuan, animalion letagin edo larruarekin egindako produktu asko dago, zapatetatik hasi eta era guztietako apaingarrietaraino. Yemenen saltzen diren ekialdeko dangak, adibidez, errinozeronteen adarrekin eginak dira eta 2,25 milioi pezeta (900.000 libera) balio dute.

Baina basabizitza suntsitzen duen trafiko ilegala ez da aberats puxanten bilduma partikularrak handitzeko, larrua saltzeko edo apaingarri gisa edukitzeko soilik egiten. Laborategiek ere interes handiak dituzte trafiko horrek jarrai dezan. Farmazia-industria, adibidez, garesti ordaintzeko prest agertzen da animalia pozoitsu batzuen substantziak eskuratzeko. Suge eta igel batzuen pozoiek gizonezkoen hipertentsioa kontrolatzeko botiketan erabiltzen diren balio handiko osagai aktiboak dituzte. Substantzia horren gramo bakar bat 1.200 dolar kosta daiteke merkatu beltzean.

Tratu basatia animalia basatientzat

Animalia batzuen pozoiak farmazia-industrian erabiltzeko trafikatzen dira.

Animalia exotikoen galdea handia dela begi-bistakoa da. Baina erostera bultzatzen gaituen arrazoia edozein izanda ere, sarraskia bera da. Saltzen den animalia bakoitzeko dozenaka hiltzen dira. Arrazoiak? Ehiza teknika baldarrak, bidaia luze jasangaitzak eta bizi-baldintza eskasak.

Ehiza teknikak sarraskitzaileak dira. Hegaztiak, esaterako, sareekin harrapatzen dituzte eta asko sare artean korapilaturik hiltzen dira. Beste kasu batzuetan, ehiztariek taldeko liderra hiltzen dute eta, horrela, animaliari ehiztarien eskuetan ez bada noraezean hiltzea suertatzen zaio.

Harrapatzen diren animalia guztiek ez dute aberatsen zoologiko pribatuen osagai izaten amaitzen. Batzuk, elefanteak edo tigreak esaterako, hurrenez hurren, beren letaginengatik eta larruagatik ehizatzen dira. Erosleei animalia bera baino animaliaren organo edo parte bat soilik interesatzen zaie eta, beraz, bilatzen dutena kausitzeko animalia hil egiten dute.

Esan bezala, animalia exotikoa bildumagile batentzat bada, trafikatzailearen helburua animaliak bizirik irautea izaten da. Baina, hori, seguru asko, animalia harrapatzea baino zailagoa da. Maiz animalientzat jasangaitzak izaten dira kaiola, armairu, edo kaxa itxietan egiten dituzten kilometro askoko bidaia luzeak. Kondizio txar horietan, asko eta asko zapalduta edo itota hiltzen dira. Horrela, legez kanpoko trafikoak, hiltzen den animalia bakoitzeko, espezie askoren biziraupena kinka larrian jartzen du.

Animalien haginekin eta larruarekin egindako objektuak garesti saltzen dira.

Trafikatzaileen eskuetan erortzen diren animaliek ikaragarrizko tratu txarrak jasaten dituzte. Hegaztiei, adibidez, begiak zulatu egiten dizkiete argirik ikus ez dezaten. Bestela, argia sumatzearekin batera kantari hasiko lirateke eta ez lituzkete mugetako kontrolak gaindituko. Guakamaioei bularrezurra kentzen diete garrasirik egin ez dezaten.

Baina mugak gainditzeko trikimailu basati horiez gain, itxura hobetzeko ere denetik egiten diete animaliei. Besteak beste, kolore biziko animaliei, papagaioei esaterako, lumak pintatzen dizkiete. Nor da basatiago animalia edo trafikatzailea bera?

Nola egin aurre animalien trafikoari?

Faunaren eta floraren trafikoari buruzko nazioarteko araudia sortzeko asmoarekin adostutako lehen nazioarteko hitzarmena 1973an sinatu zen Washingtonen. Munduko 150 herrialdek hartu zuten parte eta CITES siglekin ezagutzen da. Gaur egun, maila desberdinetan, 30.000 landare eta animalia espezie babesten ditu. CITESen arauen arabera, babesten diren espezieetariko bat esportatu edo inportatzeko, aduanetan beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu behar da. Herrialde batetik bestera araudiak pixka bat alda daitezke, baina helburua bakarra da. Dena dela, jakina da merkatu beltzean mugitzen diren animaliak ez dituztela aduanetan aurkezten, eta, beraz, beharrezkoa da kontrolak areagotzea.

Bestalde, trafiko horri aurre egiteko asmoarekin, informazio eta kooperazio sarea sortzen ari dira Hego Amerikan. Herrialde horietako biodibertsitatea aberatsa da eta kalteak gutxitzeko lehen arauak finkatzeko, Animalien Legez Kanpoko Trafikoari buruzko Hego Amerikako lehen Konferentzia aurtengo uztailean egin da Brasilen. Bertan 150 aditu bildu ziren.

Konferentzia horren ondorioetako bat animaliak esportatu ez ezik lapurtutako herrialdean bertan ere saltzen direla izan zen. Brasilen, esaterako, legez kanpoko merkatu handia dago eta horietan saltzen dira oihanean aurkitutako hegazti asko. Ondorioz, Brasileko Ingurumen Institutuak merkatu horiek gehiago kontrolatzeko neurriak hartuko dituela iragarri zuen. Baina, zer egin harrapatzen diren milaka animaliekin? Dirudienez, ez dute operazio bakar batean aurkituko lituzketen animalia guztiak gordetzeko lekurik ere.

Hortaz, premiazkoa da lapurreta-sarea bezain eraginkorra izango litzatekeen itzulerako sarea ere eratzea. Dena dela, argi dago animalien trafikoa ez dela armena eta drogena bezainbat kontrolatzen eta oraindik egiteko asko dagoela. Lehen pausoa herrialde garatuetan animalia exotikoen eta beraien larrua edo letaginekin egindako produktuen galdea gutxitzea izan daiteke.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia