}

Bananak salba ditzagun

2006/06/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ez da txantxa: platano-barietate batzuk desagertzen ari dira, eta galera hori kezkagarria da oso. Hori uste du behintzat FAOk , Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak. Izan ere, aldaera horien baitan egon daiteke espezieak etorkizunean irauteko giltza.
Indiako barietateetako batzuk mila urte baino gehiago dituzte.
MEC

Banana edo platanoa laugarrena da oinarrizko jakien zerrendan, arrozaren, gariaren eta artoaren atzetik. 400 milioi pertsonaren elikaduraren oinarri da, eta gehien esportatzen den fruta.

Aspalditik da ezaguna. Frutari buruzko lehen aipamena Alejandro Handiarena da. K.a. 327. urtean Indian indarrez sartu zenean ezagutu zuen fruta, eta, antza denez, izugarri gustatu zitzaion eta halaxe adierazi zuen idatzi batean.

Hain justu, Indiakoa eta Asiaren hego-ekialdekoa da berez bananondoa, eta Indian barietate ugari daude. Halaber, India da banana-ekoizle handiena, han hazten baita munduan ekoizten diren bananen % 20.

Barietate-ugaritasun hori, ordea, arriskuan dago. FAOk ohartarazi duenez, India aldean baso asko desagerrarazi dituzte, egurretarako eta larreak sortzeko. Horrekin batera, hirigintzak indar handia hartu du, eta, guztiaren ondorioz, duela mila urte baino lehenago sortutako barietate basatiak galtzen ari dira.

Aldakortasun genetikoa

Barietate gutxi batzuk landatzen dituzte ekoizle handiek.
(Argazkia: MEC)

Ekoizle handiek barietate gutxi batzuk baino ez dituzte hazten. Merkatuaren ikuspuntutik ezaugarri egokiak dituztelako aukeratzen dituzte barietate horiek, baina gaixotasunen aurrean ahulak dira. Izan ere, genetikoki aldakortasun txikia dute, eta, beraz, gaitz batek eraso egiten badie, denak galtzen dira.

Adibidez, 1950eko hamarkadan Gros Michel barietatea zen nagusi. Panama gaitzak, ordea, barietate harekin bukatu zuen, eta, orduan, Cavendish barietatea hasi ziren landatzen. Gozoa, mamitsua eta handia da, eta gaur egun hori da barietate zabalduena. Hain zuzen, urtean ekoizten diren 72,6 milioi tonetatik, ia 20 milioi barietate horretakoak dira.

Adituak kezkatuta daude gero eta barietate gutxiago daudelako; hortaz, gero eta zailagoa izango da, Cavendish edo nagusi diren barietate horietako bat galduz gero, gaitzarekiko erresistentea den beste batekin ordezkatzea.

Oraindik, barietate komertzialak baino erresistenteagoak diren barietateak hazten dituzte nekazariek mundu osoan. Hala ere, kontuz ibiltzea komeni da. Adibidez, sigakota beltza izeneko gaitz gogorraren erruz, Amazonas inguruko eta munduko beste hainbat lekutako bananondoak galdu egin dira. Bada, Indian desagertu diren barietateetako bat erresistentea zen gaitz horrekiko. Orain, barietatearen ale bakarra dago, Kalkutako lorategi botanikoan, hain zuzen.

Halakoak gertatzea saihesteko, azterketa sistematikoa egin nahi du FAOk. Horren bidez, bananondoen berezko ekosistemen egoera zein den eta zein barietate dauden jakin nahi du. Horretaz gain, habitatak babesteko eta azterketa genetikoak egiteko dirua bideratzeko eskatu du.

Jateko, edateko, sendatzeko...

Euskal Herrian gehienbat gordinik jaten dira bananak, baina beste hamaika eratara ere har daitezke.
(Argazkia: MEC)

Zenbat banana eta zertarako kontsumitzen diren ikusita, ez da harritzekoa FAO kezkatuta egotea barietate-galerarekin. Euskal Herrian, platanoak edo banana gozoak gordinik jaten dira gehienbat. Baina barietate batzuk egosita, erreta edo frijituta jaten dira leku askotan. Irina eta purea ere egiten dira bananaz, eta Filipinetan, berriz, oso arrunta da banana-ketchupa.

Janariak ez ezik, edariak ere egiten dira bananaz, alkoholdunak nahiz alkoholik gabeak. Bestetik, medikuntzan ere erabiltzen dira, adibidez, digestio-arazoak arintzeko. Azkenik, banana-zuntzaz sokak, papera eta oihalak egiten dira, eta bananondo-hosto handiak plater gisa eta estalkiak egiteko erabiltzen dira.

7K-n argitaratua.